Oier Zubeldia amezketarrak eta Ainhoa Garikano tolosarrak Ipar Irlandan jokatutako Mourne Skyline lasterketan parte hartu zuten, larunbatean, Euskal Selekzioarekin. Newcastle herrian izan zen irteera eta helmuga. Mendi lasterkariek 35 kilometroko eta 2.700 metro baino gehiagoko desnibel positiboa zuen ibilbidea egin behar izan zuten, Mourne harresiaren inguruan. Merrell Skyrunner World Series zirkuituko proba gogorrenetakoa da Mourne mendietakoa, eta nazioarteko elite mailako zenbait korrikalarik parte hartu zuten. Lainopean, eta lur malkartsu eta teknikoan aritu ziren guztiak.
Gizonezkoetan, Manuel Merillas espainiarra izan zen azkarrena (3.23.36); emakumezkoetan, berriz, Naiara Irigoien nafarra gailendu zen (4.13.15). Biek ere, probako errekor berria ezarri zuten. Zubeldiak lan bikaina egin zuen, hasieratik ondo kudeatu zuen lasterketa, eta bigarren postuan helmugaratu zen, Merillasengandik ia 13 minutura (3.36.10). Damien Humbert frantziarra sailkatu zen hirugarren, Zubeldiarengandik 45 segundora (3.36.55).
Garikanok ere oso lan ona egin zuen, nabarmentzeko modukoa, lehen aldia izan baitu halako ezaugarriak dituen proba batean. Tolosarra seigarren izan zen, 4.36.47ko denbora eginda. Marta Martinez espainiarra izan zen bigarren, Irigoien irabazlearengandik 6 minutu pasatxora (4.19.32), eta Natalie Beadle ingelesa helmugaratu zen hirugarren postuan, Martinezengandik ia minutura (4.20.27).
Ugarte garaile, Legazpin
Igandean, II. Korosti Trail mendi lasterketa jokatu zen Legazpin. Goierri Trail Kopako azken lasterketa izan zen, eta eskualdeko zenbait korrikalarik parte hartu zuten. Bi proba izan ziren: luzea, 23,4 kilometroko luzera eta 1.400 metroko desnibel positiboa zuena, eta motza, 13,5 kilometroko luzera eta 800 metroko desnibel positiboa zuena.
Proba luzean, emakumezkoen kategorian, Sarah Ugarte tolosarra izan zen garailea (2.19.38), Adirane Peñagarikano urretxuarra helmugaratu zen bigarren postuan (2.23.38), eta Ainhoa Intxausti segurarra izan zen hirugarren (2.23.55). Proba motzean, berriz, Eider Zubeldia amezketarra bigarren izan zen (1.21.32). Maite Etxezarreta azpeitiarra izan zen azkarrena (1.18.34), eta Irune Lertxundi oriotarra sailkatu zen hirugarren postuan (1.23.17).
Zubeldia, gainera, Goierri Trail Kopako esprint kategoriako emakumezko onena izan da. Kopa osatzen duten zortzi lasterketetatik hiru irabazi ditu, batean bigarren izan da, eta beste batean hirugarren. 768 puntu lortu ditu; bigarren sailkatu den Nora Anton lazkaotarrak 534 puntu eskuratu ditu. Trail kategorian, Sarah Ugarte zazpigarren izan da, eta Ainhoa Garikano seigarren. Garikanok bi lasterketetan parte hartu du, eta biak irabazi ditu. Ugartek ere bitan parte hartu du; batean txapeldun izan da, eta bestean bigarren.

