Lehen puntua Altunarentzat eta Jakarentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 11

Altuna eta Jaka 2023ko partida batean.

Amezketarrak 22-13 irabazi dio Jon Ander Peña tolosarrari Lau Eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxka faseko lehen jardunaldiko partidan. Atzo, Jakak 22-18 irabazi zion Peio Etxeberriari Atarrabian.

Jokin Altunak 22-13 irabazi dio Jon Ander Peñari, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu duten Lau Eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxka faseko lehen jardunaldiko partidan. Bi zati izan ditu partidak. Lehenean, oreka eta tentsioa gailendu dira. Hiru berdinketa izan dira lehen atsedenaldi luzearen aurretik. Bigarren zatian, amezketarra nagusi izan da, eta tolosarrak ezin izan dio buruz buruko txapeldunak ezarritako erritmoari eutsi.

3-0 aurreratu da Altuna, eta bazirudien hasieratik markagailuan ihes egingo zuela. Ondorengo bost tantoak, ordea, Peñak egin ditu, eta hurrengo tantoetan aurretik joan da markagailuan. Bi pilotariek arriskatu egin dute, eta zenbait tanto galdu dituzte, gehienak erasoan. Horma biko asko izan dira lehen erdialdean. 7na eta 9na berdindu dute, baina ondoren, amezketarrak sei tanto egin ditu jarraian: 15-9.

Tolosarra berriro sartu da partidan, eta defentsan egindako lan onari esker, hiru tanto egin ditu errenkadan, baina ondorengo tantoan txapa jo du zabaletik eskuinez jotako pilotakada batek. Altunak, sakea berreskuratuta, egoera aprobetxatu du, eta hiru tanto egin ditu jarraian. Sei tantoz aurretik heldu da bigarren atsedenaldi luzera: 18-12.

Handik aurrera, lehengo lepotik burua. Hiru tanto egin ditu segidan amezketarrak, eta partida irabaztetik tanto bakarrera geratu da. Lehenean, Peñak txapa azpira bota du pilota, bigarrenean, Altunak sake-errematez egin du tantoa, eta hirugarrenean tolosarrak kanpora bota du sakearen errestoa. Peñak tanto bat gehiago egin du, baina Altunari irabazteko gehiago behar zituen. Azkenean, amezketarra nagusi: 22-13. Altunak 15 tanto egin ditu eta 5 galdu. Tolosarrak 8 tanto egin ditu eta 7 galdu.

Altunak Euskal Telebistan egindako adierazpenetan aitortu du «beldurrez» kantxaratu dela gaur, eta lehen tantoetan ez dela eroso sentitu. «Kezkatuta nengoen. Makal aritu naiz. Azken bi asteetan ondoezik sentitu naiz, eta zenbait saio egin ditut prestatzailearekin. Pasa den astean ezin izan nuen korrika egin, aste honetan entrenamendu bakarra egin dut frontoian, eta ondorioz, erritmo falta handia nabaritu dut lehen zatian. Ondo etorri zaizkit tanto gogor batzuk, bigarren zatirako», azaldu du.

Peñak opari asko egin dituenaren sentsazioa zuen partida amaitu ondoren. «Tantoa amaitu behar zenean ez dut asmatu». Lehen zatian ondo jokatu badu ere, bigarrenean «presaka» aritu dela aitortu du. «Tantoa gogortu behar nuenean, ez naiz ondo kokatu kantxan».

Jakak, hiru falta sakez

Jakak ere final-laurdenetako faseko lehen puntua lortu zuen, atzo, Atarrabian, Peio Etxeberriari 22-18 irabazita. Zenoztarraren aurka kaiolan jokatutako azken bi neurketak galdu bazituen ere, lizartzarrak aurkaria mendean hartzea lortu zuen atzo. Pilota azkar ibiltzen da Atarrabiako pilotalekuan, eta Etxeberriari asko kostatu zitzaion frontoiaren ezaugarrietara egokitzea.

Sakea izan zen adibide onena. Etxeberriak min handia egin ohi du lehen pilotakadarekin, baina atzo, Jakak zuku handiagoa atera zion sakeari. Lau tanto egin zituen lehen pilotakadarekin. Hori bai, hiru falta ere egin zituen sakez lizartzarrak.

Hala ere, uneoro aurretik izan zen Baiko Pilotako aurrelaria, batez ere, lehen zatian. 8-2 eta 11-4 joan zen aurretik, eta bera ari zen tantoetan agintzen. Lehen atsedenaldirako, Etxeberria gerturatu egin zen markagailuan: 12-10.

Baina Jakak erregulartasun handiarekin jokatu zuen, eta errematean asmatu, gainera. 21-15 zihoan aurretik, baina orduan egin zuen hirugarren falta sakez. Etxeberriak bi tanto gehiago egin zituen, eta bazirudien gehiago gerturatuko zela markagailuan, baina ez zuen hogeita bi tanto egitea lortu. Azkenean, 22-18 lizartzarra garaile, azken bi edizioetan txapeldunorde izan den pilotariaren aurka.

Tolosan eta Villabonan

Bihar, Lekunberrin jokatuko dute Bakaikoak eta Zabalak final-laurdenetako kanporaketako azken partida. Irabazleak Altunaren aurka jokatuko du datorren larunbatean, urriak 18, Donostiako Atano III.a frontoian. Galtzaileak, berriz, Tolosako Beotibarren jokatuko du, Peña II.aren aurka, hilaren 19an (igandea).

Urriaren 17an (ostirala), Ezkurdiaren aurka jokatuko du Jakak bigarren jardunaldiko neurketa, Villabonako Behar Zana frontoian. Arbizuarrak 22-19 irabazi zion atzo Larrazabali, Azkoitian jokatutako neurketan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!