Eneko Mesa irabazle Espainiako Txapelketan

Ataria 2025eko urriaren 10a

Eneko Mesa, erdian, sari banaketan.

Joan den larunbatean, urriaren 4an, Culleran (Valentzia),15 urtez azpiko Espainiako Halterofilia Txapelketaren txanda izan zen, eta Denok Danena taldeko Eneko Mesa pultsulariak parte hartu zuen, Ekaitz Kortajarena entrenatzaileak lagunduta.

Mesa 71 kilo kategorian lehiatu zen, eta 82 kilo altxa zituen abiadan, 106 kilo bi denboratan eta 188 kilo izan zen bere total olinpikoa. Lan ona egin zuen eta urrezko hiru domina eskuratu zituen, modalitate bakoitzean bana. Kategoria guztiak kontuan hartuta, berriz, txapelketa guztiko hirugarren markarik onena lortu zuen eta hiru dominekin batera garaikurra ere jaso zuen.

Beste pultsularien artean adinez gazteena izan zen Mesa sari banaketan, 14 urte besterik ez baititu eta oraindik ere datorren urtea gelditzen zaio 15 urtez azpikoen artean lehiatzeko.

Bestalde, bihar Euskadiko Junior Txapelketa izango da jokoan Gasteizen, eta Denok Danenatik Gipuzkoa ordezkatuz hainbat pultsulari joango dira. Emakumezkoetan, Isabella Gonzalez, Nahia Santxez eta Kisbel Lopez;  ordezko moduan, Maialen Zubeldia eta Mirari Maqueda. Gizonezkoetan, Reda El Byad eta Unai Mesa; ordezkoak, Ander Rodriguez eta Sergio Gonzalez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!