Eskualdeko pilotariak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalean

Ataria 2025eko urriaren 10a

Bote Luzeko Txapelketaren finalerdia, Villabonan, Iparralde 3-Senpere eta Gipuzkoa 2 taldeen artean. GEPF

Gipuzkoa 2 taldeak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalera sailkatzea lortu du, finalerdian Iparralde 3-Senpere taldeari 7-1 irabazita. Gipuzkoako 2 taldeko ia pilotari guztiak eskualdekoak dira.

Gipuzkoarrek bizkaitarren kontra neurtuko dituzte indarrak, eta bihar izango da aurrez aurrekoa, 11:00etan, Senperen (Lapurdi). Pilotari hauek osatzen dute Gipuzkoa 2 taldea: Iñaki Esnal Aizpurua, Andoni Urbieta Etxeberria, Ibai Urbieta Etxeberria, Jon Urbieta Otaegi larrauldarrak, Julen Alberdi Mendizabal zizurkildarra, Julen Aizpuru Garmendia asteasuarra, Xabier Urbieta Otaegi berrobitarra eta Iñaki Azkoitia Irastorza azkoitiarra.

Beraien lehendabiziko txapela ekarri nahi dute etxera gipuzkoarrek. Izan ere, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) antolatzen duen txapelketaren 10 edizioetatik seitan jokatu dute finala: 2016an, 2017an, 2018an, 2019an, 2021ean eta 2022an; baina bigarren postuarekin konformatu behar izan dute horietan guztietan. Ea zazpigarren finaletik txapela jantzita itzultzen diren.

Euskal Herriko 8 talde lehiatu dira aurtengo txapelketan, bi multzotan banatuta: Gipuzkoa 2, Bizkaia 1, Iparralde 1-Itsasuarrak (Lapurdi) eta Bizkaia 3 A multzoan; eta Gipuzkoa 1, Bizkaia 2, Iparralde 2-Milafranga (Lapurdi) eta Iparralde 3-Senpere (Lapurdi) B multzoan.

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!