Judo Klub Tolosako kata taldeko bi bikoteak Alemanian izan dira asteburuan, Maintal herrian, eta Europako Kopako zirkuituko proban parte hartu dute. Unai Saralegik eta Unai Regillagak bigarren postua lortu dute, eta Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik bosgarrena.
Bikote bakoitza talde desberdinean kokatu zen zozketan. Regillaga-Etxarri bigarren postuan pasatu ziren finalera, Herbehereetako bikoaren atzetik. Saralegi-Regillaga lehen postuan pasatu ziren. Sailkapen fasean ez zen ezustekorik egon eta bikote indartsuenak pasatu ziren finalera. Bi bikoteen artean Saralegi-Regillaga izan ziren lehenak ateratzen, eta kata zuzen baina ez onena eginda, bigarren postuan kokatu ziren Alemaniako Schmidt anaien atzetik. Regillaga-Etxarri apur bat beranduago irten ziren; kata oso borobila egin zuten, eta denek uste zutenean taldekideei bigarren postua kenduko zietela, epaimahaiko buruak gainontzeko epaileak deitu zituen bideoa berrikusteko. Mugimenduetako batean akats larri bat ikusi zuten, eta ondorioz bosgarren posturaino erori ziren. Hori dela eta, sentsazio gazi-gozoekin bukatu zuten eguna laurek.
Bidaia aprobetxatuz, bi bikoteek Alemaniako Openean hartu zuten parte. Bertan, aurreko eguneko lehiakide gehientsuenak elkartu ziren. Aurreko egunean pilatutako nekea eta sentsazio gazi-gozoak hobetzea zuten helburu. Azken orduan zozketa aldatu zuten antolatzaileek eta larunbateko lau bikote hoberenak (Alemaniako Shcmidt bikiak, Herbehereetako Van der Hulst bikiak eta Judo Klub Tolosako bi bikoteak) multzo bakarrean sartu zituzten. «Horrek esan nahi zuen lauetako bat finaletik kanpo geratuko zela, eta bagenekien herrialde bereko bi bikote ez sartze aldera, ziurrenik gure bi bikoteetako bat kanpoan geratuko zela», esan dute Judo Klub Tolosakoek. Ez zuten ustean huts egin eta Regillaga-Etxarri bikoa izan zen laugarren postuan geratu eta finalera pasatu ez zena. Saralegi-Regillaga hirugarren postuan pasatu ziren. Finalean sentsazio onekin bukatzea zuten helburu. Azken bi hilabeteetan bizkarreko arazoekin dabil Saralegi eta oso justu iritsi zen asteburuko laugarren kata horretara, baina tatami gainean geratzen zen dena eman, eta lehen postua eskuratu zuten. «Irabaztea gutxi ez balitz, aurkari nagusienetarikoen etxean eta bertako epaileekin irabazteak meritu bikoitza du», esan dute.
Bi bikoteak, egun batzuetan atseden hartu eta gero, buru-belarri jarriko dira azaroaren 8an Parisen jokatuko den Munduko Txapelketara begira. Joan den urtean Las Vegasen egindakoa berdintzea ezinezkoa bada ere, bi bikoteek ahaleginak egingo dituzte esku hutsik ez itzultzeko.