Aiztondo bailaran azken hilabeteetan egin duten lanketaren emaitza da Abargi gazte asanblada. Irailaren 20an aurkeztu zuten asanbladaz aritu dira hiru kide: Olaia Boujemaa, Iker Amenabar eta Bittor Hernandez.
Zein balorazio egiten duzue irailaren 20ko egunaz?
Bittor Hernandez: Oso balorazio positiboa egiten dugu. Aiztondoko gazte ezberdinak bildu ginen eta bazkari polita egin genuen.
Iker Amenabar: Arratsaldean jokoak egin genituen plazan eta gazteekin lehenengo kontaktua egiteko baliatu genituen; elkarren arteko harremanak sendotzeko baliatu genuen eguna.
Elkar ezagutzen al duzue bailarako gazteek?
Hernandez: Aiztondoko gazteok elkar gutxi ezagutzen dugula uste dugu. Orain arte jarduna Zizurkilen zentratu dugu, baina ez inongo arrazoirengatik, bailarako herri guztietako jendearentzako baitago zabalduta asanblada, edozein adinetako gazteentzat.
Olaia Boujemaa: Kide batzuk baditugu herri txikietakoak. Normalean herri handiagoetakoak gehiago animatzen dira, gazte gehiago ere badagoelako Villabonan eta Zizurkilen.
«Ideia erreakzionarioei aurre egiteko espazioa izango da»
Olaia Boujemaa
Adi Aiztondo izenarekin 'moskeo' kanpaina egin duzue azkeneko hilabeteetan. Noiz hasi zineten bailarako gazteak elkartzen?
Amenabar: Bailaran behar bat ikusten genuelako hasi ginen elkartzen duela lau hilabete. Ekintza ezberdinak egin ditugu denbora honetan: zine foruma, jolasak...
Aiztondoko gazteok sozializatzeko gune gutxi dituzuela uste duzue?
Boujemaa: Behar ezberdinak identifikatu ditugu, baina oso garrantzitsua iruditzen zaigu hutsune hori: gazteok ez dugu sozializatzeko espazio asko hemen inguruan, behintzat kontsumismotik kanpo. Dohaineko aisialdiari dagokion eskaintza ere urria da gazteontzat.
Amenabar: Guk bailaran kuadrillismoa sartuta dagoela ikusten dugu eta horrekin ere hautsi nahi dugu. Hemen plazan eta inguruko tabernetan ibiltzen gara gazteak baina beti kontsumora bideratutako espazioetan.
Askotariko eskaintza egingo duzuela diozue. Adibideren bat eman dezakezue?
Hernandez: Gure jarduna antolatu nahi dugu aisialdi arloan, baina ez horretan bakarrik, kultur eta kirol proposamenak ere egin nahi ditugu. Arlo ezberdin horietan egitarauak antolatu daitezkeela uste dugu: mendi martxak, liburu irakurketak, gai politiko ezberdinen inguruko formazio saioak... Ez daukagu ezer lotuta oraindik, baina esparru horietan aritu nahi genuke; jendearen interesen arabera antolatuko ditugu ekitaldiak, proposamenak atera ahala.
«Noski ikusten dugula espazio baten beharra, asanblada orok du behar hori»
Iker Amenabar
Eta horiek guztiak non? Espazio bat behar du gazte asanbladak?
Amenabar: Noski ikusten dugula espazio baten beharra, asanblada orok du behar hori. Espazio batek baliabideak eskaintzen dizkizu eta aurrera ateratzen dituzun ekitaldiak egiteko toki aproposak izaten dira. Beharra ikusten dugu baina oraindik urruti ikusten dugu gaztetxe bat, ez da gure oraingo planteamenduetan sartzen.
Hernandez: Oraingoz egoera hau daukagu. Beharrezkoa ikusten dugu gaztetxe bat gure jarduna errazteko eta herrian gazteon presentzia bermatzeko, beste asanblada guztiek dutena bezalakoa. Baina, hori iritsi bitartean kalean jarraituko dugu.
Uste duzue Aiztondo bailaratik mundu mailako joera erreakzionarioei aurre egin ahal zaiola?
Boujemaa: Guk pentsatzen dugu ideia erreakzionarioei aurre egiteko espazioak direla gazte asanbladak. Ez dakigu zein formatan egingo diogun aurre olatu horri, baina kontuan edukiko dugun borroka da. Gure eginbeharretako bat bezala ikusten dugu.
Oinarri batzuen gainean antolatu duzue gazte asanblada.
Hernandez: Gure espazioetan ez dugu onartuko inolako eraso matxista, homofobo edo arrazistarik. Gure guneak eta sortzen ditugun dinamikak mundu guztiarentzat erosoak izatea nahi dugu. Eraso bat egiten badiote norbaiti, erantzun egingo dugu.
Boujemaa: Asanblada instituzioetatik apartekoa izango da. Gu gazteriaren beharren arabera antolatuko gara eta horretarako bide egokiena autogestioa iruditzen zaigu; gu geure baliabideekin ariko gara.
Erakundeetatik kanpo jardun nahi duzuela diozue. Izan duzue harremanik udalekin?
Boujemaa: Ez dugu izan kontaktu finkorik. Zizurkilgo festetan, adibidez, Gazte Eguneko jokoak antolatzeko aukera eman ziguten. Hori puntu positibo bezala ikusten dugu.
«Aiztondoko gazteok elkar gutxi ezagutzen dugula uste dugu»
Bittor Hernandez
Eskualdeko gainerako gazte asanbladekin baduzue harremana?
Amenabar: Bai. Tolosako eta Ibarrako gazte asanbladek beraien babesa eman digute. Harreman horiek sendotzen hasi nahi dugu orain, inguruko gaztetxeekin.
Zer esan nahi du Abargi izenak?
Boujemaa: Literalki esan nahi du moztua izan den zuhaitz baten birsortzea. Metafora modura erabili nahi dugu: bailara honetan asanblada ezberdinak egon dira urteetan eta Abargi gazte asanblada hasiera berri bat da.
Hernandez: Logoak zuhaitz horren sustraiak irudikatzen ditu. Asanbladako gainerako ekimenetan bezala denon artean ideiak bota eta aukera ezberdinen artean boto gehien jaso zituena aukeratu genuen.
Zer esango zeniekete Aiztondo bailarako gazteei asanbladara gerturatu eta antolatu daitezen?
Hernandez: Edozein gazte interesatuta badago, gaur egun sortzen diren ideia erreakzionarioei aurre egiteko gogoa baldin badauka, beste gizarte ezberdin baten alde eraikitzeko gogoa baldin badu, gerturatzeko esango genioke. Beso zabalik hartuko dugu. Edozeinek du aukera parte hartzeko. Etorri dadila beldurrik gabe asanbladara, ostiraletan Joxe Arregi plazan biltzen gara 18:00ak aldera.
Amenabar: Bestela topatuko gaituzue sare sozialetan ere. Sare sozialen beharra nabarmena da gaur egun, are gehiago gazteei bideratutako zerbait antolatuz gero. Oraingoz Instagramen daukagu kontua sortuta eta bertatik jarri daitezke gurekin harremanetan.