Hamabost urteren ondoren, Maria Jesus Etxeberriak (Urrestilla, Azpeitia, 1965) Zelatungo Antonioren Bordaren kudeatzaile izateari utziko dio urte amaieran. Aurreko astean izan da Ataria berarekin, bordan bertan, oraindik iraileko azken igandeko erromeria falta zela. Maiatzaren 1etik azaroaren 1a arte egunero ireki du, eta gainontzeko hilabeteetan ostiraletan, larunbatetan eta igandetan.
Hamabost urteren ondoren, Antonioren Bordaren kudeaketa uztea erabaki duzue. Zergatik?
Orain urtebete nire senarrak erretiro aurreratua hartu zuen, eta ni hemen bakarrik nagoenez, laguntza behar izaten dut, ogia ekarri behar dela, zerbait jaso behar dela... Berak esaten zuen hau ez dela bizitza, berriro ere lotuta sentitzen zen. Beraz, uztea pentsatu dugu eta lasaiago biziko gara horrela.
Hutsunea sentituko duzu uzterakoan?
Baietz pentsatzen dut. Alde batetik, pena handia ematen dit, baina, beste aldetik, oso nekagarria bihurtu da azken urteotan. Adinak ez du barkatzen, 60 urte baditut, eta astuna egiten da. Orain ere kotxea beteta ekarri dut: dena guk igo behar dugu, dena guk jaitsi, hondakinak-eta ere bai, egunero gora eta behera... Azkenerako nekagarria egin zaigu. Bestalde, pena handia ematen digu eta hutsune handia izango dela pentsatzen dut. Hamabost urte hauetan larunbatetan eta igandetan ez dugu jairik hartu. Hasi beharko dugu pentsatzen jai dugun denbora nola bete. Bestalde, baserria ere badugu, eta beti ematen digu zeregina, baratzea dela edo beste edozer dela.
Badakizu zertan egingo duzun lan gero?
Taberna astuna geratzen zait, eta lantxoren bat nahiko nuke, pare bat ordukoa edo. Lanaldi osoan ez dut hartuko lanik, pixka bat lasaiago egotea nahiko nuke.
Noiz izango duzu azken eguna bordan?
Datarik ez dugu. Guk urte bukaera arte daukagu kontratua. Horregatik abisatu diogu jabeari ea norbait lehenago sartzen den, negozioa martxan uzteko. Etorri behar den horri lanak irakatsi behar bazaizkio, irakatsi; guk erositako trasteren bat nahi badu, hitz egin... Azkenean, hamabost urtetan gauza pila bat erosi behar izan ditugu. Momentuz ez dugu inoren berri; norbait animatzen bada, berarekin hitz egitea eta azken eguneko data hori berarekin adostea ondo legoke.
Azaroaren 1etik aurrera ostiraletan, larunbatetan eta igandetan izaten dugu irekita. Ona egiten badu, jendea etortzen da. Gabonetan ere, azken bi urteetan, udarako antzeko eguraldia egin du eta jende asko mugitu da.
Ekitaldi bereziren bat egingo duzue despedida moduan?
Ez dakit... Orain oso lanpetuta gaude iraileko kontuekin, burua hor daukagu.
Iraila da garai bereziena Zelatunen. Ondo doa?
San Joan Txikin, abuztuaren 29an, beti beteta izan dugu; hamalau urtez ospatu dugu eta jendeak kotxez etortzeko aukera duenez, adineko jendea etortzen da, eta mahaia hartuta izaten dute. Ondoren, aurreneko bi igandeak oso onak izan dira. Hirugarrenean txarra zegoen iragarrita, eta jende gutxi etorri zen, baina azkenean ez zuen horren txarra egin.
Zuek bukatu egingo duzuela-eta, jendeak zer esaten dizue?
Denek esaten dute pena handia dela, baina, bestalde, irabazita dugula ere esaten digute. Horrekin geratzen gara. Guri ere pena ematen digu. Azkenean, bilobak hementxe hazi dira, eta egundoko pena dute. «Amama, baina gero ez da gure etxea izango...», esaten didate. Hala ere, gero gu etorriko garela esaten diet, eta salda-eta hartuko ditugula.
Zer historia du bordak, noiztik dago berez zabalik?
Urte luzez darama taberna gisara. Gaur egungo nagusiak 40 urte baino gehiago eman ditu nagusi gisara. Bere aurretik, bordak taberna bezala funtzionatu zuen. Lehen hiru taberna egon ziren Zelatunen. Artzain bat egoten zen hirugarrengoan, eta bere gauzetarako erabiltzen zuen, baina festetan eta igandetan bazkariak ematen zituen. Hernioko gurutzea egin zela 75 urte badira, eta harez gero herniozaleek-eta ospatu izan dute. San Joan Txiki festa bera eta erromeriak ere aspaldikoak dira. Hernioko gurutzetik gertu dagoen bordan ere salda-eta ematen zuten garai batean.
Zer du berezitik leku honek?
Ez dakit... Jendeak uste du guri laguntza handia ematen digutela; esaten digute hau zabalik izateagatik kobratuko dugula. Eta kobratu ez, ordaindu egiten dugu. Jendeak eskertzen du irekita egotea, ez egarria-edo dutelako bakarrik, edo komunera joan behar dutelako, baita norbaitek min hartzen badu ere. Mendira ateratzen bazara badakizu hau irekita duzula; aterpe bat bezalakoa da.
Irekita egotearena, bertatik bizi behar duzun ala ez duzun araberakoa ere bada. Nik errenta ordaindu behar dut. Horrek esan nahi du saiatu egin behar naizela. Eguraldi txarrarekin jende asko ez da etortzen, baina etortzen denak bere inguruan zabaltzen du borda beti irekita dagoela.
«Eguraldi txarrarekin jende asko ez da etortzen, baina etortzen denak bere inguruan zabaltzen du borda beti irekita dagoela»
Nondik etortzen da jendea?
Mendi erdi-erdian dago, eta egundoko buelta daukagu. Iturrioztik jende asko etortzen da, Zarauztik, Donostiatik... Gero Asteasutik, Alkizatik, Tolosa aldetik, Bidanitik, Azpeititik, Errezildik... Ez bide bakarretik. Hori bai, jende gehiena Iturrioztik etortzen da. Gero, Trintxeratik jende asko etortzen da festa hauetan-eta. Igande eguerdian Iturriozko bideari begiratzen badiozu, eta handik jendea ez badator, nahiko baxua izango da eguna. Bide horrek markatzen du jendea egongo den ala ez.
Eta inguruko herrietatik aparte ere etortzen al da jendea?
Bai, etortzen da, eta baita atzerritar pila bat ere. Karta bat ingelesez badaukat, bestela ez nintzen moldatzen. Landetxetara etortzen direnak-eta hona ere igotzen dira. Kataluniar batzuk ere Bizkaitik etorri dira. Lehen Gipuzkoan egon zirenean etorri zirela orain dela bi urte edo, eta aurten Bizkaira joan direnean, mendi honetara igo eta hemen bazkaltzeko gogoa zeukaten. Poza ematen dizu horrelako gauzak entzuteak.
Bezero batzuk finkoak, ohikoak, izango dira, ezta?
Igandero etortzen direnak baditugu. Mahai honi [bordara sartu eta lehenengoa] egoskorren mahaia deitzen diot. Kuadrilla moduko bat osatu dute; hemen ezagutu dute elkar, eta gero hor ibiltzen dira zein etorriko den, eta zein ez den etorriko esanez. Beste batzuk baziren larunbatero etortzen zirenak.
Etorri al da jendea agur esatera?
Bai guri, eta baita bordari ere... Aurreko batean etorri ziren batzuk despedida egitera. Beraiekin hitz egiten, esan ziguten orain dela 30 urte ez zirela etortzen, eta esan nien orduan ni ez nengoela hemen. Beraiek orduan erantzun zidaten ez zekitela borda berriro irekita egongo ote den, eta horregatik etorri zirela.
Beste lekuren batean ezagutzen al duzu horrelako bordarik?
Xoxotekoa, eta Urbian ere bai, orain itxita dagoena. Xoxotekoarekin tratua badugu; ni bertara joan naizenean itxita zegoen, eta badut asmoa irekita dagoenean bertara bueltatzeko. Bera etorri izan da hona, eta hitz egin izan dugu. Xoxotekoak argindarra du, nik hemen faltan botatzen dudana. Sorgailua daukat hemen, eta hona etortzen naizenean lehenengo gauza sorgailua piztea da. Egun batean ixten badut, janaria jaitsi egin behar izaten dut. Gau bat aguantatzen du izozgailuetan dagoenak, baina bi egun ez. Neguan ez dut egunero irekita izaten, eta orduan janaria behera jaitsi behar izaten dut, eta ostiralean berriz igo.
Zein dira berezitasunak?
Goizean, salda eta txorizoa. Pintxo ohikoena txorizoarena da; asko saltzen da. Bazkaltzeko baba txikiek fama handia dute, baserriko oilaskoa... Parrilla ere pizten dugu: txuletak, saiheskia... Adineko jendeak-eta baba txikiak oso gustukoak ditu, etxean gutxiago jartzen delako. Ardi jatea ere egiten dugu urrian, eta aurten 19an izango da. Ardi gisatua eta errea izaten dira, eta jende asko etortzen da horretarako.
Repsol gidako eguzkitxoa eman zizuten 2021ean. Nola bizi izan zenuen?
Ezustekoa izan zen. Ez genekien ezer ere. Norbaitek deitu zidan, eta niretzat pakete bat zuela esan zidan. Pentsatu nuen alabaren batek zerbait eskatu zuela, nik ez bainuen ezer eskatu. Banatzaileak aurrez aurre eman behar zidala esan zidan, eta nik kokapena eman nion. Ikusi zuenean, bide horretatik joatea ezinezkoa zela, postontzian utziko zidala esan zidan. Etxera joan nintzenean eta ireki nuenean, ezustekoa ederra izan zen. Entzutea 50 eman zituztela Euskal Herrian, eta horietan ni sartzea... Pentsatzen nuen inork ezagutzen ez duen leku batean nengoela. Poz handia hartu nuen.
Kafeari beti anisa botatzen omen diozue.
Batez ere eskatzen dutenek izaten dute hori; ematea ohikoa da. Kafea errepikatzen dutenean, anisarekin edo koñakarekin nahi duten galdetzen diegu. Guk kafea azukrearekin edukitzen dugu, gozatuta, eta askok pentsatzen dute anisa bota diogula. Kafea suabeagoa da, txikoriarekin egiten dugulako, eta tabernakoarekin ohituta daudenek, hemengoak zeozer ezberdina duela nabaritzen dute. Azkenean, gozo puntu bat badu eta jendeak pentsatzen du anisa botatzen diogula.
Borda kudeatzen bakarrik izaten al zara?
Laguntza ere izaten dut, eta horregatik ere bada hau uztearen arrazoia. Familiakoak jai duten guztietan hemen ditut; bi alaba eta semea ditut, eta bi alabak larunbatero eta igandero hemen ditut erabat. Alaba zaharrenak hiru ume ditu, eta hari ere umeak hazten ari zaizkio. Umeak oso gustura etorri dira, baina beste bizimodu bat ere egin beharko da, ez lana bakarrik. Ahizpa ere hemen izaten dut asteburutan, astean zehar tailerrean lana eginda. Oso lotua da, eta jende asko sartzen denean, kuadrilla handia behar duzu. Eta etxekoei deitzen diet, eta gero lagunak ere badauzkat. Oso talde ona, denak laguntzeko prest, eta horrela moldatzen naiz. Kastigatuena ahizpa; eguraldi txarra dagoenean bera etortzen da. Eta senarra ere bai. Eguraldi ona egiten badu, ahal diren guztiak.
Ez dakizu, noski, zenbat bezero etorriko den...
Ez, ez dut jakiten. Jendeak enkargatzen du, baina iraileko igandetan ez dut enkargurik hartzen. Eguraldi ona egiten badu, badakit jende asko etorriko dela. Baina igandetan, igual hamabost enkargatuta ditut eta denera 70 etortzen dira. Eta kuadrillak etortzen dira esanez ez dutela asko jango, baina ogitartekoak ateratzeko ere ogia behar duzu, eta horrekin ere asmatu egin behar. Kalean bazaude, okindegia gertuago daukazu, edo okinari deituko diozu. Astean zehar ez da jende asko etorriko, baina egun ona egiten duenean eta egun berezietan, asko. Horiek aprobetxatu behar ditugu, gainerako egunak konpentsatzeko.
Astean zehar zein etortzen da?
Erretiroa hartua duen jendea. Aurreko batean bikote bat etorri zen, eta galdetu zuen ea erretirodunen eguna ote zen. Iraileko igandeetan erromeriek duten mugimenduengatik errepidea itxita egoten da, eta irailean etortzeko ohitura zuten erretirodun batzuk astean zehar etortzen dira, gazteren batek ekarrita.
Hamabost urte hauetan itxita egon da borda?
Konfinamenduan, oporrak izan ziren niretzat. Gero, ez genituen disfrutatu, ez genekielako zer zetorren. Bestela, egun batean itxi nuen, ezkontza baterako. Asko laguntzen didan ahizparen alaba ezkontzen zen, eta beti presaka ibiltzen ginelako-eta, lasai joango ginela esan nion. Beste iloba batzuk ezkondu direnean-eta, bakarren bat lanean utzi eta joan izan naiz.
Zu bakarrik moldatzen zara astean zehar?
Bai, ni aritzen naiz. Eguraldiak ere asko eragiten du. Ostiraletan ahizpa bat etortzen zait normalean. Postreak egin eta salda-eta prestatzeko eguna izaten da. Astean zehar beti egoten da zer egina: ke-kanpaia garbitu behar dela, labea garbitu, kotxea ere trastez beteta ekartzen dugula... Beti dago zeozer egiteko. Tartetxo bat hartzen dugu egunkaria irakurtzeko.
Zer ordutegi duzu?
09:30-10:00 inguruan martxan jarri, eta inor ez badago, 16:30ak inguru itxi egiten dut. Jendea badago, beraiek joan arte egoten naiz. Jende asko badago, igual 19:30ak izaten dira eta oraindik lana bukatu gabe. Egunero hemen bazkaltzen dut, eta senarra hona etortzen da bazkaltzera, eta ikusten badut ogia-edo behar dela, berari abisua eman eta ekartzen du.
«Esperientzia polita izan da niretzat, baina buruak ez du lehen bezala laguntzen»
Utzi eta gero, lehenengo aldiz bordara bueltatzean, sentimendu berezia izango duzu.
Sentimendu arraro bat izango da. Gure bilobak esaten duen moduan, ezingo gara sartu sukaldean, baina nik esaten diot mahaian jarri eta ederki aterako digutela. Pena puntu bat izango dugu, tristura puntu bat. Baina gustura geratu gara egin dugun lanarekin. Lehenagoko adina izanez gero, berriro hartuko genuke igual; esperientzia polita izan da niretzat, baina buruak ez du lehen bezala laguntzen, eta nekea ere gehiago nabaritzen da. Adina aurrera doa eta ez alferrik.
Orain ea norbait animatzen den borda hartzera.
Hori esaten dut nik, animatu dadila norbait. Lana badago, egin behar dela da kontua.

