Palestinarekin Elkartasun plataformak deitutako mobilizaziora batzeko deia egin dute

Ataria 2025eko urriaren 1a

Plataformak manifestazioa egingo du larunbatean, urriak 4, Iruñean. Salatu dute Euskal Herrian Israelekin merkataritza harremanak dituzten enpresa asko daudela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta manifestazioa egingo dute urriaren 4an, Iruñean, eta eskualdeko herritarrak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Palestinako egoera «geroz eta larriagoa» dela nabarmendu dute eta gehitu dute mendebaldeko gobernuek palestinarren aldeko eta genozidioaren aurkako mezuak babestera «behartuta» ikusi dutela euren burua. «Posizio aldaketa hori, ordea, aurpegi zuriketa baino ez da. Palestinako estatuaren aitorpena aurrerapauso bezala saltzen badigute ere, ez du inongo ekarpenik egiten Palestinaren askapenean». Are gehiago, plataformaren iritziz, bi estatuen irtenbidea babesteak «estatu sionistaren normalizazioa eta zuritzea» dakar. Hori dela eta, Palestinako erresistentzia babestea ezinbestekoa dela diote eta gehitu dute borroka dela askatasunerako berme bakarra.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu du, era berean, Espainiako Gobernua Palestinaren aldeko mezuak zabaltzen ari den bitartean, ez dituela entitate sionistarekin dituen harremanak eten, eta gogoratu du Euskal Herrian ere badirela Israelekin merkataritza harremanak dituzten enpresak. «Horrek guztiak egiten du posible Israel aurrera eramaten ari den sarraskia, eta beharrezkoa da, beraz, hori guztia sustatzen eta hornitzen jarraitzen duten mendebaldeko gobernuen eta enpresen hipokrisia azpimarratzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!