Tolosaldea Sahararekin elkarteak bigarren eskuko produktuen azoka jarriko du urriaren 16, 17, 18 eta 19an Tolosako kultur etxean. Zure laguntzak balio handia du izena jarri diote ekimenari eta urtean zehar egiten dituzten bilketen sarea borobiltzera dator.
Elkarteak esan duenez, asko dira elkarteari dohaintzaren bat egin nahi diotenak, baina jasotzen duten material guztia ezin izaten dutela sahararren errefuxiatuen kanpalekuetara bidali azaldu dute. «Laguntzera datorrenak bere asmo onez ekartzen du dohaintzan eman nahi duen hori, baina, ezinezkoa izaten da guztia bideratzea, garraioa garestia dela kontuan hartu behar baita. Gainera, kontuan hartu behar da elkarteak ere egiten dituela bidalketak urtean zehar egiten dituen kanpainekin. Arrazoi horiengatik, zaila zaigu herritarrek uzten duten material guztia jasotzea».
Horregatik erabaki dute kanpaina berria martxan jartzea. Produkturen bat eman nahi duenak urriaren 3an eta 1oean, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eraman beharko du elkartearen Larramendiko lokalera, edo urriaren 15ean Tolosako kultur etxera. Dohaintzan ematen den materiala aztertuko dute elkarteko kideek eta ezin bada Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara eraman, bai ez dagoelako erabilgarri edota hara bidaltzea ezinezkoa delako, bigarren eskuko azokan salgai jarriko dute. «Material horrek bi helburu izango ditu: batetik, prezio baxuan erosi ahalko da eta herritar askori lagunduko die, erabiltzen ez dena erabilgarri bihurtuz, eta bestetik, laguntza ekonomikoa jasoko dugu Saharako kanpalekuetara bidaltzeko».
Material bilketa
- Urriak 3 eta 10: Tolosaldea Sahararekin elkartearen egoitzan (Larramendi kalea, 7, Tolosa), 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
- Urriak 15: Tolosako kultur etxean.
Bigarren eskuko azoka
- Urriak 16, 17 eta 18: Tolosako kultur etxean 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.
- Urriak 19: Tolosako kultur etxean, 10:00etatik 13:00etara.