Asteburuan hasiko da 2025eko Lau eta Erdiko Txapelketa, eta eskualdeko lau pilotari ariko dira lehian. Iñaki Artola alegiarrak final-zortzirenetako partida jokatuko du Bakaikoaren aurka Alegian, final-laurdenetarako ligaxkan sartu ahal izateko. Dagoeneko ligaxka jokatzeko sailkatuta daude beste hiru pilotariak: Jokin Altuna amezketarra, Erik Jaka lizartzarra eta Jon Ander Peña tolosarra.
Artolak ostiral honetan jokatuko du Bakaikoaren aurka, eta irabazten badu A multzoan sartuko da, Altuna III.aren eta Peña II.aren multzo berean. Multzo horretako laugarren pilotaria Dario eta Zabala arteko partidaren irabazlea izango da. Jaka B multzoan dago, eta berarekin batera Peio Etxeberria sailkatuta dago. Beste bi pilotariak Larrazabal-Zubizarreta III.a eta Ezkurdia-Elordi partidetako irabazleak izango dira.
Asteburu honetan jokatuko dira final-zortzirenetako lau partidak. Ligaxkako hamabi partidetatik hiru eskualdean jokatuko dira. Tolosan bi jokatuko dira: urriaren 19koan Peña II.ak jokatuko du eta urriaren 25ekoan Altuna III.ak. Villabonan jokatuko da bestea, urriaren 17an, eta bertan ariko da Jaka. Finala azaroaren 16an izango da.
San Mateo Torneoa
Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu zien atzo San Mateo Torneoko finalak. Jaka lizartzarrak eta Iztueta tolosarrak 22-18 irabazi zuten Altuna III.a amezketarraren eta Ezkurdiaren aurka. Iztueta aukeratu zuten Serie Ako pilotari onena. San Mateo Serie B Torneoan Elordi eta Gabirondo gazteluarra geratu ziren txapeldun Senar-Eskiroz 22-7 gaindituta, eta Elordi aukeratu dute pilotari onena.