Nerabe eta gazteei zuzendutako ikastaro eta tailerretan izena emateko epea, zabalik

Ataria 2025eko irailaren 30a

Bi ikastaro eta Treba Gazteak egitasmoaren barruko lau prestakuntza-saio eskainiko dituzte, abendura bitarte.

Tolosako Udalak zabaldu du nerabe eta gazteei zuzendutako ikastaro eta tailerretan izena emateko epea. Bi ikastaro eta lau prestakuntza-saio eskainiko dituzte guztira, abendura bitarte, azken horiek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Treba Gazteak egitasmoaren barruan. Urriaren 13ra arte (23:59) eman ahalko da izena, eta bi modu daude: online, dagokion galdetegia beteta eta presentzialki, kultur etxeko harreran, arratsaldez. 

Ikastaroak

  • Bitxigintza. 
Elementu ezberdinak erabiliz, bitxi eta osagarriak egiten ikasteko tailerra.
 Urriaren 21etik abenduaren 9ra, astearteetan. 
18:30-20:30, kultur etxean. 20 euro.
  • Joskintza eta patroigintza. 
Jantziak josten ez ezik, sortzeko patroiak egiten ere erakutsiko da ikastaroan. Urriaren 23tik abenduaren 11ra, ostegunetan.
 17:30-19:30, kultur etxean. 20 euro.
  • Sexualitatea, oinarrizko ikastaroa. 
Azaroak 8, larunbata. 11:00-13:00, kultur etxean. 
Sexualitatea tabu eta aurreiritzirik gabeko esperientzia integral gisa aztertzeko esparru kritiko eta seguru bat sortzea da helburu nagusia. Taldearen sinismenak eta erabilerak identifikatuko dira.
  • Sexualitatea, arauaz harago
. Abenduak 13, larunbata. 11:00-13:00, kultur etxean.
 Helburuak dira nagusi den sexu-ereduaren berrikuspen kritikoa egitea, harreman sexualak, maitasuna eta erotismoa baldintzatzen duten gizarte-egiturei buruz hausnartzea, erotika lantzeko beharrezkoak diren gakoak partekatzea eta aztertzea, autonomia eta erabakiak hartzea sexualitatean.
  • Begirada kritikoa, gorrotoa al dago munduan? 
Urriak 24, ostirala. 17:30-19:30, kultur etxean.
 Helburua da espazio seguru bat eratzea gorroto-diskurtsoen, diskurtso diskriminatzaileen eta ukatzaileen inguruan eraikitako ikaskuntzak lantzeko, eta pentsamendu kritikoa eta narratiba alternatiboak kolektiboki eraikitzeko.
  • Begirada kritikoa, scape box, ez ukatu. 
Azaroak 14, ostirala. 17:30-19:30, kultur etxean.
 Gorroto-diskurtsoetan sakontzea eta horiei aurre egiteko ekintza sustatzea da xedea, enpatiaren eta pentsamendu kritikoaren bidez, diskriminazioaren alternatiba gisa. Scape Box – No lo Niegues jokoaren bidez, taldeetan lan egitea narratiba berriak eraikitzeko eta ikertzeko, desinformazioari eta gorroto-diskurtsoei aurre egiteko.

Bitxigintza eta joskintza ikastaroak 16-35 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak dira eta gainontzeko prestakuntza-saioetarako bi adin tarte osatu dituzte: sexualitatearen inguruko saioak 17-24 urte arteko gazteei zuzendutakoak izango dira eta begirada kritikoarenak, aldiz, 11-16 urtekoentzat.

Salneurria

Treba Gazteak egitasmoaren barruko lau prestakuntza-saioak doakoak dira, nahiz eta beharrezkoa izango den aurrez izena ematea. Bi ikastaroen salneurria, berriz, 20 eurokoa da, eta ikastaroa hasi baino lehen egin beharko da ordainketa izen-ematea formalizatzeko. Kultur etxeko harrera bulegoan egin ahal izango da ordainketa, arratsaldeetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!