Irurako jaiak 2025

San Migel Eguna ari dira ospatzen Iruran eta Aldaban

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 29a

Iruran, meza nagusiaren ostean, herriko dantzari batek Agurra dantzatu dio udal korporazioari eta hamaiketako herrikoia egin dute. Aldaban, erretirodunen hamaiketakoa eta karta jolasak egin dituzte.

Meza nagusiarekin abiatu dute gaur San Migel Eguna, Iruran. Herritarrak elizatik irten direnerako zain zituzten herriko txistulariak, eta horiekin zeharkatu dute plaza udaletxeko atariraino. Herritar ugari elkartu dira bertan, haur zein heldu, eta ohi moduan, herriko dantzari batek Agurra dantzatu dio udal korporazioari. Lanak amaituta, hamaiketako herrikoia egin dute plazan.

Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu Iruran. Herri kirol saioa izango da ikusgai, 17:00etan, plazan. Bertan erakustaldia eskainiko dute Lierni Osa eta Odei Izeta harri jasotzaileek, eta aizkoran, Jakes Izeta eta Jon Zaldua elkarrekin ariko dira Jesus Mari Mujikaren aurka. Horren ostean, bertso saioa egingo dute, 19:30etan, elizan. Bertan Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Jesus Mari Irazu eta Maialen Lujanbio bertsolariak izango dira, eta Amaia Agirre ariko da gai jartzaile.

AZKEN FESTA EGUNA ALDABAN

Aldaban, berriz, festetako azken eguna izan dute gaur. Meza nagusiarekin abiatu dute San Migel Eguna, eta horren ostean, erretirodunen hamaiketakoa egin dute pilotalekuan. Bi mahaien bueltan bildu dira auzotarrak, eta jan-edanean ari ziren bitartean, kontu-kontari aritu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!