Ondare arkitektonikoari balioa emateko jardunaldiak antolatu dituzte

Ataria 2025eko irailaren 30a

Urrian eta azaroan 123 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Gipuzkoako 37 herritan. Bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak eta erakusketak antolatuko dituzte, besteak beste. Eskualdean Alkizan, Tolosan eta Villabonan egingo dira ekimenak.

Ondarearen Europako Jardunaldiak egiten ari dira joan den asteburutik Gipuzkoan. 123 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte herrialdeko 37 herritan. Edizio honetarako antolatutako 80 jarduerek ondare arkitektonikoari balioa emango diote, gure kultur ondarearen adierazpen ikusgarri eta sinbolikoenetako bat den aldetik.

«Arkitektura funtzionaltasun hutsetik harago doa, tokiko eta nazioko historiaren, kultura-nortasunaren eta oroimen kolektiboaren sinbolo ahaltsua da», esan dute jardunaldien antolatzaileek eta azpimarratu dute, hirietako monumentu handietatik landa eremuko herri eraikinetaraino, arkitekturaren lorpen artistiko eta teknikoak erakutsiko dituztela.

Bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, erakustaldiak eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte azarora bitartean. «Ugariak dira eraikinetara egingo diren bisita komentatuak, udalerrietako auzoetan barrena antolatutako ibilaldiak edo Luis Peña Ganchegui edo Luis Vallet de Montano Echeandia arkitekto ezagunen eta Nestor Basterretxea edo Jorge Oteiza artisten ondarea aztertzeko aukerak».

Tolosaldean hiru herrietan antolatu dituzte ekitaldiak:

  • Alkiza

    • Urriak 11, larunbata
      • 11:00. Alkizako eliza: memoria kolektiboa eta historia eraikin batean.
    • Urriak 18, larunbata
      • 10:00. Alkizako eliza: memoria kolektiboa eta historia eraikin batean. 
      • 11:00. Lete baserria ezagutzen.
  • Tolosa

    • Urriak 19, igandea
      • Bisita komentatua eta tailerra: Topic, txotxongiloak eta arkitektura. Izen emateak 943 65 04 14 telefonoan edo cit@cittolosa.com helbidean.
    • Urrian eta azaroan
      • Erakusketa birtuala: Ondare industrialaren eraikuntza: mapak eta planoak. Gipuzkoako Artxibo Orokorreko webgunean. Herrialdeko dokumentu historikoetan ilustratutako eta irudikatutako fabriken, proiektuen eta makinen planoak eta mapak erakutsiko dira. Gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/artxiboerakusketa webgunean.
  • Villabona

    • Urriak 18, larunbata
      • 11:00 - 13:00. Hormaren aurretik trazua tailerra Kimuriren eskutik. Izen emateak 656 74 24 50 edo mirari@kimuri.es helbidean.

Urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien edizio hau antolatu du, Europako Kontseiluak sustatuta eta Europar Batasunarekin lankidetzan. Ondare kulturari buruzko sentsibilizazioan sakontzeko antolatu dituzte ekitaldiak, erakunde ugariren parte hartzearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!