Tolosaldeko sei udalerrik hirigintza plana garatzeko laguntzak jasoko dituzte

Ataria 2025eko irailaren 24a

Laguntzak jasoko dituzte udaletako ordezkariekin elkartu ziren atzo, Azahara Dominguezekin. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Zazpi mila biztanletik beherako udalerriei zuzendutako diru laguntza jasoko dute Alkiza, Amezketa, Baliarrain, Larraul, Lizartza eta Orexak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak diru laguntzak emango dizkie hirigintza plana egiteko diru laguntza eskatu duten udalerriei eta horien artean daude eskualdeko Alkiza, Amezketa, Baliarrain, Larraul, Lizartza eta Orexa. Eskualdetik kanpo diruz lagunduko dituzte ere Altzaga, Ataun, Gaintza, Getaria, Mutiloa eta Orio. Baliarrain, Larraul eta Alkizak 30.000na euro jasoko dituzte, Lizartzak 27.769,50 euro, Amezketak 17.542,50 euro eta Orexak 6.207,30 euro.

Azahara Dominguez diputatua herri horietako alkateekin bildu zen atzo, eta aurkeztutako eskaera guztiak aintzat hartuko dituztela jakinarazi zien. Gainera, Foru Aldundian egindako bilkuran, bere departamentuak «udalerri txikiekin duen konpromisoa» berretsi zuen. «Udalerri txikienek, eta, beraz, ekonomikoki mugatuenek, beren hiri-plangintzan egin beharreko aldaketei aurre egin ahal izateko aukera ematen du diru laguntza honek, tokiko erronkei eusteko aukera emanez, hala nola jasangarritasunari, hiri-berroneratzeari edo klima-aldaketari, besteak beste».

Diputatuak azaldu zuenez, diru laguntza lerro honek udalerri horiek beren gain hartu behar duten hirigintza dokumentua idazteko gastuen zati bat ordaintzen lagunduko die. «Hirigintza etorkizuneko Gipuzkoa diseinatzeko dugun tresna da, eta horretarako funtsezkoa da udal txikienen ondoan egon eta ekonomikoki laguntzea, ez bakarrik datozen erronkei aurre egin diezaieten, baizik eta beren bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen jarraitu ahal izan dezaten, biztanleek herri horietan beren bizitzak gara ditzaten beharrezkoak diren zerbitzuak eta azpiegiturak emanez. Azken batean, udalerri horien biziraupena bermatzeaz ari gara», adierazi zuen Azahara Dominguezek.

Iaz zazpi udalerrik jaso zuten
Diru laguntza lerro horrek %53eko igoera izan du aurten, eta Dominguezen esanetan, horrek ahalbidetu du jasotako hamabi eskaerak onartzea. «Udal hauen eskutik lanean jarraituko dugu, eta zabalik gaude lankidetza-bide berriak aztertzeko, guztion artean bermatzeko Gipuzkoako udalerri guztiek, beren tamaina edozein dela ere, beharrezko tresnak izango dituztela etorkizunera begiratuko duen, integratzailea eta inklusiboa izango den, ingurumena errespetatuko duen eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duen hiri-garapena planifikatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!