Hasi du ikasturtea Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoak ere. Anoetan aurkeztu dute Eta euskaraz egiten badugu? lelopean mintzapraktikan izena emateko kanpaina eta bertan izan dira egitasmoa bultzatzen duten udaletako ordezkariak zein Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartea.
Eskualdean hiru hamarkada baino gehiago daramatzate egitasmoa antolatzen eta azken urteetan 100 pertsona inguruk hartu dute parte 20 bat taldetan banatuta. Hain zuzen, Idoia Olano Anoetako zein Irurako euskara teknikariak iragarri du ikasturtea hastearekin batera talde berriak sortzeko asmoa dutela Amasa-Villabonan, Anoetan, Ibarran, Iruran, Tolosan eta Zizurkilen.
Zabaltzea helburu
Arduradunek azaldu dute dagoeneko badirela taldeak zenbait herritan, eta asmoa dela eskualdeko herri gehiagotan ere elkartzea: «Lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskara praktikatzeko eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen du, eta aurten ere martxan da».
Bi rol banatuta hartzen dute parte: batetik, Bidelariak, zeinak euskara praktikatuz helburu duten lotsa gainditzea, akatsak egiteko beldurra galtzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta erabileran urratsak ematea; eta, bestetik, Bidelagunak, zeinak euskara praktikatu nahi duten bati laguntzeak pozten dituen. Bi roletan eman daiteke izena, eta astean ordubetez elkartzen dira taldeak.
Gelatik harago
Igor Agirre, Galtzaundiko kideak azaldu du asteroko zita horretaz gain ikasturtean zehar jarduera osagarriak ere antolatzen dituztela Mintzalagunean parte hartzen ari diren gainerakoekin batera: «Iaz Tolosako bitxikeriak ezagutu eta mokadutxo bat jatera joan ziren JO Topagunera». Eta, hari berari tiraka, eskualdetik ateratzen direla ere aipatu du: «Durangoko Azokara, sagardotegira... Aurten ere izango dira antzerako ekintza osagarriak».
«Egitasmo honetan dabiltzan lagunek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musu truk, modu boluntarioan eta euren onena emanaz, egiten dute ekarpen hau; zeina behar-beharrezkoa dugun erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko», horrela hitz egin du Agirrek ekimenaren garrantziaren inguruan.
Egitasmoan gaurtik aurrera eman daiteke izena Tolosaldeko edozein udaletan zein Galtzaundin. Agirrek gehitu du, ordea, euskararen alde «modu askotan» egin daitekeela: «Lehen hitza euskaraz esanaz, euskara elkarteetan parte hartuz, manifestazioetara bertaratuz eta, nola ez, Mintzapraktikan izena emanez».