Orain arte Lizartzatik industria gunera iristeko modu bakarra auto partikularra edo GI-2135 errepidea erabiltzea zen, baina arazo horri buelta eman dio Lizartzako Udalak. Duela hilabete batzuk oinezko eta bizikletentzako bidea eraiki zuen udalak, herrigunetik Irunzubi industria gunera «modu ez motorizatuan eta seguruan» joan ahal izateko. Bidearen eraikuntzan material birziklatua erabili dute eta bidearen trazatua dagoeneko existitzen zen herri bide bati jarraiki osatu dute. «Neurri hauen bitartez, obraren ingurumen inpaktua neurri oso handian murriztu da», adierazi dute udaletik.
Proiektu hau aurrera eramateko Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza lortu du udalak. Azken honen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren 2023ko garapen jasangarria lortzeko diru laguntza izan da, eta zehazki, 53.694,40 euroko laguntza izan du udalak.
Horrekin batera, Tolosalde Garatzeneko Turismo saileko laguntzarekin, beste bide bat eraikiko dutela azaldu du Iñaki Azpiroz alkateak: Baserri bide batetik igaro eta Lizartzara iritsiko den bidea izango da eta horrek aukera emango du joan-etorria bide beretik egiteko edo bide berri horretatik egiteko. Gipuzkoako GR bideen barruan sartuko dugu». Dagoeneko hasiak dira bide horietan farola fotovoltaikoak jartzen; guztira, 25 farola izango dira.
Txaraman, berriz, bidegorria luzatzeko lanak abiatuko dituzte. Leaburu-Txaramako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin bultzatuko dituzte lan horiek, baita GI-2135 errepidea hobetzeko obrak ere, zeharbide horretan mugikortasuna eta bide-segurtasuna indartzeko. Lan horiei esker, Amaroztik Txaramako lehen eraikinetaraino iristen den egungo bizikletentzako eta oinezkoentzako erreia luzatu ahal izango dute GI-2135 errepideko 2+020 kilometro-punturaino. Proiektuak, gainera, urbanizazioan, drainatzeetan eta zerbitzuetan hainbat hobekuntza aurreikusi ditu.
Esku-hartze horien helburua da tokiko eta eskualdeko errepide baten berezko beharrak bateragarri egitea, segurtasuna eta irisgarritasuna indartuz, eta, horregatik, bi erakundeek lankidetza hitzarmena sinatu dute, jarduerak bultzatzeko.
Obren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 631.253,94 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko epea bost hilabetekoa. Finantziazioari dagokionez, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak 245.896,69 euroko laguntza emango du. Lanak 2025eko azken hiruhilekoan hastea eta 2026ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusi dute.
Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatu Felix Urkolak jarduera honen garrantzia azpimarratu du: «Proiektu honekin Txarama eta Tolosa modu seguru eta iraunkorrean lotzeko funtsezkoa den bizikleta eta oinezkoen ibilbide bati jarraipena ematen diogu, eta, aldi berean, trafiko intentsitate handia jasaten duen zeharbide baten bide segurtasuna hobetzen dugu. Elkarlanak gipuzkoarren eguneroko mugikortasuna errazten duten hobekuntzei bultzada nola ematen dien erakusten duen adibide bat da. Gainera, lurralde kohesioa Gipuzkoako gakoetako bat da, eta horrek esan nahi du baita ere herri txikienek ongizatean eragiten duten azpiegitura seguruak eta kalitatezkoak izango dituztela bermatzea».
Joxe Ramon Eizagirre Leaburu-Txaramako alkateak erantsi duenez, «aktuazio honen bidez, leku publiko berriak irekitzen dira oinez eta bizikletaz mugitzeko, bai auzoan zehar ibiltzeko bai Tolosara joateko. Honek, auzotarren arteko harremanak estutuko ditu eta auzoari bizitasuna emango dio».
Hiru herri elkartuta
Iazko ekainaren amaieran hasi ziren obrak Ibiur urtegian eta laster amaituko direla aurreikusi du Ugaitz Garmendia Baliarraingo alkateak. Inguru horretan hainbat lan egin dituzte, eta orain, besteak beste, ibilbide zirkularra amaitu eta herrigunera oinez igotzeko «baso bidea» egingo dute. Baliarraingo bidegorria ez da urtegira iritsiko den bide bakarra izango ordea, Orendaindik eta Abaltzisketatik ere igo ahalko baita bertara.
Ibiur urtegia sortu zenean onartu zen obra izan zen hiru herriak lotzen zituen bidegorria egitea. Duela zortzi urte inguru aldiz, Abaltzisketako eta Orendaingo Udalak elkartu eta hasiera batean adostu ziren bideak aldatzea erabaki zutela kontatu du Miguel Angel Arsuaga Orendaingo alkateak: «Hasierako bidea urtegitik atera eta baserri bideetatik joaten zen eta zentzurik ez zuela ikusi genuenez hori aldatzea erabaki genuen, urtegiko buelta egitea askoz politagoa iruditzen zaigulako».
Hala, hiru herriak elkartzen dituen bidegorriarekin hasiak dira lanean. Orendaingo bidegorriak 10 kilometroko luzera izango du Ibiurgo urtegira arte, Abaltzisketakoak 2 kilometrokoa eta urtegitik Baliarraingo herrigunera iristen den bideak, berriz, kilometro bat baino gutxiago izango du.
Tragsa enpresa arduratuko da obra egiteaz. Orendain eta Abaltzisketako proiektuak finantzatzeko diru laguntza Espainiak eman dio Tragsa enpresari, eta Baliarraingoa egiteko, berriz, Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, gune degradatuak berroneratzeko helburuarekin.