Oihana Zubillaga eta Imanol Rojo, podiumetik oso gertu Italian

Ataria 2025eko irailaren 22a

Zubillaga ezkerrean, helmuga igaro ondoren; Rojo eskubian, 157 dortsalarekin.

Mendi lasterkari anoetarra laugarren izan zen Pasturon jokatutako Grigne Skymarathon proban; eskiatzaile tolosarra ere postu berdinean helmugaratu zen, kasu honetan, Ziano di Fiemmen jokatutako gurpil gaineko eskiko Munduko Kopako azken proban.

Zapore gazi-gozoarekin itzuli dira Italiatik Oihana Zubillaga mendi korrikalari anoetarra eta Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra. Asteburu honetan, izen handiko proba banatan parte hartu dute Mediterraneo kostaldeko herrialdean, eta emaitza oso onak lortu dituzte, baina hiru onenen artean sailkatzetik oso gertu geratu dira.

Zubillagak Lombardia eskualdeko Pasturo herrian jokatutako Grigne Skymarathon proban parte hartu zuen. 42 kilometroko luzera eta 3.600 metroko desnibel metatua zuen ibilbideak, eta Domusa Teknik Lana taldeko korrikalari anoetarrak, 6 ordu, 49 minutu eta 47 segundo behar izan zituen proba burutzeko. Iris Pessey frantziarra izan zen garaile (6.33.56), Natalie Beadle erresuma batuarra helmugaratu zen bigarren postuan (6.35.17), eta Aurora Bosia italiarra izan zen hirugarren (6.41.18).

Bestalde, Rojok, gurpil gaineko eskiko Munduko Kopako azken proban parte hartu zuen, atzo, Trento probintziako Ziano di Fiemme udalerrian. Eskiatzaile tolosarra 15 kilometroko bakarkako proban aritu zen, eta domina eskuratzetik oso gertu geratu zen. Rojok 26.56.4ko denbora egin zuen, laugarren postuan helmugaratuta. Raimo Vigants letoniarra izan zen garaile (26.51.7), eta bigarren eta hirugarren postuak ehuneneko gutxiengatik erabaki ziren. Matteo Tanel italiarra helmugaratu zen bigarren (26.53.5), eta Alexander Brandner austriarra heldu zen helmugara hirugarren tokian, tolosarraren aurretik (26.53.7). Rojo uneoro egon zen talde nagusian, aurreko postuen lehian; esaterako, 10. kilometroan, lehen postuan igaro zen.

Proba guztiak amaituta, Tanel izan da Munduko Kopako garailea; italiarrak 624 puntu eskuratu ditu. Vigants izan da bigarren, 623 punturekin, eta Lauris Kaparkalejs austriarra sailkatu da hirugarren, 584 puntu eskuratuta. Rojo hamahirugarren izan da sailkapen nagusian, 316 puntu lortu ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!