Aurreko edizioetako joerari eutsiz, eta duen arrakasta ikusita, Mugikortasun Astearen barruan, Gurpilguneak bizikleten bigarren eskuko azoka egingo du, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren parean, bihar, larunbatean. Bigarren eskuko bizikleta eta materiala erosi ez ezik, uzteko aukera ere izango dute herritarrek goiz osoan zehar.
Gainera, bi bizikleta elektrifikatu ere izango dituzte, herritar orok probatzeko, eta horri buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da. Halaber, 10:30ean mekanika ikastaro bat egingo dute. Bertarako interesa dutenek hasi aurretik eman beharko dute izena.
Bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua
Bestalde, Europako Mugikortasunaren Astearen barruan, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin jarduera egingo du Tolosan eta Villabonan, hilaren 23an. Gipuzkoako eskualde guztietako hogei bat udalerri zeharkatuko ditu ekimenak, «herritarren artean desplazamendu-ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatzeko helburuarekin». 2024an baino zortzi udalerri gehiago izango dira aurten, eta Villabonan, esaterako, estreinako aldiz egingo dute.
Furgoneta-tailer batek bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua eskainiko die Mugi txartel pertsonalizatua aurkezten duten guztiei. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, Mugi txartela eskatu nahi duten pertsona guztiei beharrezko laguntza eskainiko zaie. «Premiaz joan behar dugu mugikortasun iraunkorrago baterantz, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik beharrezko neurriak hartzen ari gara gipuzkoar guztien garraio publikorako sarbidea unibertsalizatzeko. Esku artean dugun apustu estrategiko garrantzitsuenetako bat da; izan ere, gure lurraldearen etorkizuna ez ezik, pertsona guztiek bizi-aukera berberak izango dituzten Gipuzkoa eraikitzeko dugun gaitasuna dago jokoan», adierazi du Azahara Domínguez diputatuak.
Bizikletak berrikusi nahi dituztenek edo Mugi txartel pertsonalizatua egiteko aholkularitza behar dutenek 10:30etik 14:00etara egin ahal izango dute Tolosako Trianguloa plazan, eta 16:00etatik 20:00etara Villabonako plazan. Gainera, aurreko edizioetan bezala, furgoneta-tailerrera joaten direnek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita Mugi txarteletan 20 euroko balioa duten 60 birkargatan ere.