Ataria Irratiak ekin dio denboraldi berriari. Goizetik gauera arte, Ataria-ko lantaldeak sortutako irratsaioak euskal artisten musikarekin tartekatuko dira. Tolosaldean FM bidez entzuteko aukera dago, 107.6 frekuentzian. Ataria.eus webgunean ere irratia zuzenean entzun ahalko da, edozein txoko eta edozein gailutatik. Eta, zuzenekoaz gain, nahieran eta noiznahi entzuteko aukera ere badago, saio guztiak webgunean zintzilikaturik geratuko baitira.
Orain arte bezala, kultura, musika, bidaiak, kirola, parekidetasuna, barne ongizatea, ingurumena edota lehen sektorearekin lotutako saioez gozatu ahalko da. Saio horiek posible dira kolaboratzaileen parte hartzeari esker, eta era berean, kolaboratzaileek egindako saioek ere jarraipena izango dute sasoi berrian, hala nola Mendikatea, Munduko musikak, Oinak arin eta (H)ari naizela irratsaioek. Denetariko irratsaioak izango dira, beraz, eskura, eta Ataria-k horiek entzutera gonbidatzen ditu herritarrak. Ez hori bakarrik. Horietan parte hartzera edo irratsaio berri bat egiteko pausoa ematera animatzen ditu. Buruan ideia bat duen ororentzat —izan irratsaio bat edo izan astekarian artikuluak idazteko—, ateak irekita ditu Ataria-k eta eskuak zabalik hartuko ditu guztiak. Proposamena aurkeztu edo edozein zalantza argitzeko nahikoa da ataria@ataria.eus helbidera idaztea. Animatu eta izan zu ere eskualdeko komunikabidearen parte!