«Lortu dugun bigarren postuari balioa eman behar zaio»

Ataria 2025eko irailaren 14a

Tolosaldea traineruak bigarren postua lortu du Kontxako Banderan, bai gaurko jardunaldian zein sailkapen orokorrean. Orain arteko postu onena da eskualdeko klubarentzat.

Tolosaldeak bere postu onena lortu du Kontxako Banderan, gaurko jardunaldian bigarren egin eta sailkapen orokorrean bigarren postua lortu eta gero. Donostia Arraun Lagunak-ek irabazi du bandera, gaurko estropadan garaipena lortuta. Oriok hirugarren egin du, bai gaur eta baita sailkapen orokorrean ere. Lehenengo luzean aldea atera du Donostia Arraun Lagunak traineruak eta hor erabakita geratu da bandera, lehen jardunalditik hamar segundoko abantaila baitzuen. Ziabogan hirugarren egin du Tolosaldeak, donostiarrengandik hamar segundora eta Oriotik hiru segundora. Bigarren luzean olatuak ondo baliatu ditu eskualdeko traineruak eta denbora onena egin du, donostiarrei hiru segundo kenduz eta Oriori hamar.

Ramon Erostarbe entrenatzaileak azaldu duenez, «lortu dugun bigarren postuari balioa eman behar zaio». Gaurkoan itsaso mugitua zegoen, eta hirugarren kaletik egin dute arraun, kale ona izan ohi dena. «Hasieran bazirudien hirugarren kalea ona izango zela, baina lehen txandan ikusi da lehen eta bigarren kaleak abiadura handia zutela joanekoan, eta gero bueltakoak erakutsi du itsasoan azkarrenak izan garela, eta denei denbora kendu diegula». Lehenengo luzea izan dela gakoa esan du entrenatzaileak: «Aurrea hartu dute beraiek eta ez dute estropada burua utzi. Guk asko egin dugu arraun lehen luzean, eta gero bigarrengoan olatuak hartu eta hartu aritu gara. Meritu handia eman behar zaio egin dugun bigarren postuari. Harrobiko arraunlari gehien atera dugun trainerua izan gara, hamar guztira, eta hori ere esan behar da». Ildo horretatik jarraitu du Erostarbek: «Tolosaldea gara, eta bigarren geratu gara, Orio, Zumaia eta besteen aurretik, eta selekzio bat den Arraun Lagunak-en atzetik geratu gara. Ni oso harro nago bigarren postuarekin, eta klubarentzat eta arraunlarientzat izugarrizko lorpena da. Orain arte postu onena laugarrena izan da. Bigarren egin dugu Kontxan eta bigarren ligan, eta oso gustura egoteko modukoa da».

Aurrera begira ez daki zehazki zer gertatuko den arraunlari taldearekin. «Baten batek utziko du ziurrenez. Oso gogorra da kirol hau, are gehiago barruko klub batentzat. Ea ahal duten gutxienek uzten duten, eta etortzen direnak gustura hartuko ditugu. Jubenilak ere igoko dira, eta denak hartu beharko ditugu kontuan», esan du Erostarbek, eta gehitu du berak klubean jarraituko duela.

Sailkapenak:

Bigarren jardunaldia                    

  1. Donostia Arraun Lagunak   11.01,72
  2. Tolosaldea                           11.09,24
  3. Orio                                          11.16,38
  4. Donostiarra                            11.19.35
  5. Hibaika                                    11.31,69
  6. Hondarribia                            11.31,71
  7. Astillero                                   11.31,91
  8. Zumaia                                     11.33,24

Sailkapen orokorra

  1. Donostia Arraun Lagunak   21.30,92
  2. Tolosaldea                            21.48,44
  3. Orio                                           21.56,42
  4. Donostiarra                             22.13,67
  5. Zumaia                                     22.18,34
  6. Astillero                                   22.25,79
  7. Hibaika                                    22.28,83
  8. Hondarribia                            22.30,59

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!