Zabalik da Leader diru laguntzen deialdia

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 11

Abaltzisketako ikuspegia. TOLOSALDEA TURISMOA

Landa eremuan jarduera ekonomikoak garatzea helburu duen programa da Leader, eta interesa dutenek irailaren 30era arte egin ahalko dituzte eskaerak.

Eusko Jaurlaritzak landa inguruneko ekintzailetza, bizi kalitatea eta azpiegiturak hobetzeko 2023-2027 aldirako Nekazaritza, Politika erkidearen plan estrategikoaren (NPEPE) esparruan onartutako Leader eremuko landa-udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak eskatzeko epea zabaldu berri dute.

Hain justu, asteartean argitaratu zen deialdia, landa-eremu horien garapen ekonomikoa sustatzeko, ekonomia-sarea dibertsifikatuz eta enplegua sortuz. Europako Batzordeak 90eko hamarkadan martxan jarri zuen ekimena da, landa-maila handiagoko eremuetako garapen ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bultzatzeko.

Laguntza hauek, batez ere, erakunde publiko zein enpresa pribatu edo norbanakoentzat dira, eta aurten ere lau alorretara bideratuta egongo dira. Horiek dira, hain zuzen, ekintzailetza eta barne ekintzailetza; nekazaritzakoak ez diren enpresetan eta nekazaritza dibertsifikazioan inbertsioak egitea; besteren konturako langileen kontratazioak; eta guneak gaitzea –erakunde publikoei bideratuta–.

Deialdiari lotutako baliabide ekonomikoak 6.245.430,00 euro dira eta aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko dira, Europako Batzordeak 2023-2027 NPEPEn onartutako finantzaketa osagarri gehigarri gisa. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak 
itzuli beharrik gabekoak izango dira.

Bestalde, proiektuak gauzatzeko epea 2024ko urtarrilaren 1etik 2026eko abenduaren 31ra arte luzatu ahal izango da, baina ez dira deialdi honen xede izango 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako proiektuak.

Diru laguntzetara aurkeztu ahal izateko hilaren 30era arte izango dute eskaera egiteko azken eguna eskatzaileek. Informazio zehatzagoa nahi duenak Tolomendi Landa Garapen Elkartera jo dezake, 943 655 097 telefono zenbakira deituta edota tolomendi@tolomendi.eus helbide elektronikora idatzita.

ONURADUNAK

Andoni Urbieta: «Hasiberrientzako oso egokia den diru laguntza da, dudarik gabe»

Eskualdean Tolomendik bideratzen ditu herri txikietara zuzendutako Leader diru laguntzak, eta Andoni Urbieta larrauldarrak bidelagun izan ditu kudeaketa-prozesuan. Aitaren erretiroaren ostean hartu zuen enpresaren lekukoa Urbietak, eta iaz lortu zuen horretarako diru laguntza.

Nola izan zenuen Leader laguntzen berri?

Aita kamioiarekin aritzen zen lanean eta erretiroa hartu behar zuenean bere enpresari jarraipena eman nahi nion. Hasiera batean Tolosaldea Garatzenera jo nuen eta haien bitartez izan nuen Leader programaren berri. Hortik Tolomendira bideratu ninduten eta haiekin egin nituen tramite guztiak.

2023an eskatu zenuen eta iaz lortu zenuen diru laguntza. Erraza izan al da?

Ezaugarri batzuk bete beharra daude horretarako. Nire kasuan, Larraul bezalako herri txiki batean bizi naizenez, puntuazio altua ematen zidaten, industriarik gabeko herria delako. Tramite asko egin behar dira, baina Tolomendirekin harremanetan jarri nintzenean, kudeaketa guztia une baten egin zidaten.

Merezi al du?

Bai, noski. Diru laguntza hauei esker kamioi berria ekartzeko aukera izan dut, alegia, kamioi berri horren parte handi bat diru laguntza horiek kubrituko didate. Egia da hasierako inbertsio guztia zuk egin beharra daukazula, baina diru laguntza hauek parte handi batean laguntzen dute. Beraz, hasiberrientzako oso egokia den diru laguntza dela esan dezaket, dudarik gabe.

 

Agurtzane Belaunzaran: «Kudeaketa bideratzen laguntzen du Tolomendik»

Iaz, Leader diru laguntza jaso zuen onuradunetako bat da Agurtzane Belaunzaran berrobitarra. Hain justu, duela urtebete David Belaunzaran anaiarekin batera Lakarie janari denda eta kafetegia zabaldu zuten Berrobin.

Nola izan zenuen Leader laguntzen berri?

Tolosaldea Garatzenek eman zigun laguntza honen berri, baina gero hori bideratzen eta kudeaketa guztia egiten Tolomendik lagundu zigun. Izan ere, aurrez egin behar genuen lana handia izan zen.

Merezi duela uste duzu?

Laguntza guztiak lagungarriak dira, hori dudarik gabe. Guri inbertsioetarako eta ekintzailetzarako diru laguntza eman ziguten, baina edozein aktibo ekonomiko martxan jartzeko aurretik ordainketa asko egin behar dira eta zorrotxo horren parte bat ordaintzeko behintzat balio du.

Beraz, gomendatuko zenuke?

Bai, zalantzarik gabe. Norbaitek proiekturen bat badu buruan nik guztiz gomendatzen dut. Inbertsio baten zati handi bat ordaintzeko lagungarria bada, laguntza guzti horiek ongietorriak dira. Hala ere, kontuan hartu behar da ez dela egun batean egiten den prozesua. Online tramitazio handia dago honen atzean eta, gure eskualdearen kasuan, kudeaketa hori guztia bideratzen laguntzen du Tolomendik. Gure negozioan asko lagundu digu, denbora guztian laguntzeko prest agertu da eta komunikazioa oso ona izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!