Tolosaldeko Ernaik irailaren 14an, igandean, Donostian egingo duten manifestaziora batzeko deia egin du. Mobilizazioa 13:30ean hasiko da Bulebarretik abiatuta. Aurten 50 urte betetzen dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, eta haien lekukoa hartuta, Euskal Herria independentziarantz eramateko eragiten jarraituko dutela eta gazteak lehen lerroan kokatuko direla esan dute. «Borrokan aurrera egiteko gaude hemen. Ez gara soilik historia kontatzen duen belaunaldia. Historia egiten ari den belaunaldia gara».
Horiek horrela irailaren 14an Donostiako kaleak «astinduko» dituztela esan dute eta Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko hitzordura batzeko deia egin dute. «Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak gaur egunera arte etenik ez duela izan» ikustaraziko dute, eta «zapalkuntza guztiak gainditzea helburu», independentziarantz bultzatzen jarraitzeko deia egin dute. «Ez dugu etsiko, independentziarantz ekiten jarraitzeko unea da eta gazteak lehen lerroan aurkituko gaituzue».
«Galdutako kideak oroitzea dagokigu»
Borroka maiz arraun egitea bezalakoa dela diote eta borroka egiteagatik galdutako kideak oroitzea dagokiela gehitu. «Baina arraunean ere, ez gara atzera begira jartzen atzera begira hutsean geratzeko, atzera begiratzen dugu aurrera egin ahal izateko, indar handiagoz borrokan jarraitzeko». Orain indar hori «inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste du Ernaik: «munduan zehar geroz eta gehiago anabasa da nagusi. Zapalkuntzek eta basakeriak geroz eta leku handiagoa dute gure jendartean, krisiak gero eta krisiago eta zapalkuntzak gero eta zapalkuntzagoak diren garaia bizitzea egokitu zaigu. Gainera, horri guk aitortu gabeko herri batetik begiratzen diogu. Non ez dugun gaitasunik egoerari gure baldintza propioetatik aurre egiteko eta non bi estatu zapaltzaileek gure izatea etengabe ukatzen ari diren». Hori dela eta, bide bakarra independentzia eskuratzea dela esan dute.