Saralegi eta Regillaga, bigarren Europa mailako Madrilgo proban

Ataria 2025eko irailaren 9a

Judo Klub Tolosako senior mailako Nage No Katako bi bikoteak Madrilen izan dira beste urte batez, Europako zirkuituko proba bat jokatzen. Hori izan da lehen txapelketa azaroan Parisen jokatuko den Munduko Txapelketara bidean. Unai Saralegi eta Unai Regillaga bigarren izan ziren, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri ez ziren sartu finalean.

Udara eta gero berriro martxan jarri dira, eta min batzuk bidean izan badituzte ere «osorik-edo» iritsi ziren probara. Regillagak eta Etxarrik zozketan ez zuten zorte handirik izan eta txapelketan zeuden 5 faboritoetatik 4 beraien multzoan zeuden, beraiek barne. Beraien kata bide onean bazihoan ere ez zuten guztiz biribildu eta kataren amaiera aldean puntu dezente galdu eta gero, multzoko laugarren geratu ziren eta ezin izan zuten finalera pasa. Beraz, iaz lortutako zilarrezko domina defendatu gabe geratu ziren.

Saralegiri eta Regillagari multzo erraza tokatu zitzaien eta arazorik gabe lehen postuan pasa ziren finalera. Bertan kata nahiko biribila egin eta gero, bigarren postua eskuratu zuten, munduko sailkapenerako puntu garrantzitsuak pilatuz. Azken bi txapelketetan espero baino emaitza kaskarragoak lortu eta gero, bolada txar hori mozteko balio izan die.

Aurrera begira, bi bikoteak Alemaniako Maintal hirira joango dira urriko lehen asteburuan, Europako zirkuituko beste proba batera, eta horrekin Parisera begira jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!