«Datorren igandean bandera borrokatzera joango gara»

Ataria 2025eko irailaren 7a

Ez dira baldintza onenak izan Tolosaldearentzat Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, eta bigarren egin dute. Hurrengo igandean itsaso gehiago nahiko lukete Donostia Arraun Lagunari bandera lehiatu ahal izateko.

Itsasoa bare zegoen gaurkoan Donostiako badian, eta haize indartsua bazegoen ere, horrek ez dio lagundu Tolosaldeari Kontxako Banderaren lehen jardunaldian emaitza hobeagoa lortzen. Bigarren egin du eskualdeko traineruak, eta lehen postuan geratu den Donostia Arraun Lagunak ontziak hamar segundo atera dizkio.

Lehen txandan izan dira Tolosaldea eta Donostia Arraun Lagunak, eta hasieratik aurre hartu dute donostiarrek. Ziabogara bost segundo aurretik iritsi dira eta beste bost segundoko tartea atera diete eskualdekoei helmugan. Oriok hirugarren denbora onena egin du, Tolosaldetik 84 ehunenetara. Bigarren txandan atera dira oriotarrak eta lehenengo postuan amaitu dute. Zumaia ere bigarren txanda horretan izan da, eta laugarren denbora onena egin du, ia 16 segundora geratuz Donostia Arraun Lagunak-etik. Lau ontziak izango dira ohorezko txandan datorren igandean.

Ramon Erostarbe Tolosaldea traineruko entrenatzailearen ustez, sentsazioak «onak» izan dira: «Bigarren postua den bezala hartu behar da. Gaur itsasoa guztiz bare zegoen. Arraun Lagunak-ekoek duten potentzia ez du beste inork, eta pixka bat ere mesede egin die laugarren kaleak, gaur babestuago baitzegoen haizearen eraginetik, eta hori nabaritu egiten da. Hasieratik joan egin dira, saiatu gara ahal genuen gehiena aguantatzen, eta gauza positibo bat izan da joanekoan bost segundo atera dizkigutela eta etortzerakoan beste bost». Erostarberen iritziz horrek adierazten du ez direla gaizki aritu, «bestela askoz denbora gehiago sartuko ziguten batean edo bestean». Bigarren txandarekin alderatuta, haizea ia guztiz geratu egin da. «Hor egon gara, eta azkenean bigarren geratu gara, eta Oriori irabazi egin diogu. Marea ere igotzen hasi da, eta horrek mesede gehiago egin die bigarren txandakoei».

Datorren igandean txanda irabaztera joango direla esan du entrenatzaileak: «Ez dakigu nolako itsasoa izango den, baina ez diogu horri begiratu behar. Garbi dago etorri behar dugula txanda irabazteko mentalitatearekin, eta hori lortuz gero, bigarren postua ziurtatuta dago». Banderari ez dio uko egiten: «Lehen postuaren bila joan behar gara, bestela ez genuke kirola egingo. Ez bagara dena ematera eta irabaztera ateratzen, ez ginateke aterako. Itsasoa badago, hamar segundo ez da hainbeste, baina itsasoa bare badago, oso zaila da sailkapenari buelta ematea».

Gustura azaldu dira Nerea Agirrezabal eta Maddi Urdapilleta arraunlariak gaurko estropadarekin. «Kontentu gaude bigarren postu honekin. Estropada gogor joan da, baina ez dago ezer idatzita eta hurrengoan pentsatzen ari gara gogo gehiagorekin», esan du Agirrezabalek. Itsasoa mugituagoa dagoenean gehiago gustatzen zaiela gaineratu du Urdapilletak: «Baina baldintza hauek eman zaizkigu. Nahiko bare zegoen itsasoa eta saiatu gara ahal genuen arraunketa onena lortzen, eta baldintza hauekin borrokatzen». Bigarren jardunaldiari begira hamar segundoko aldea murriztu daitekeela esan du Agirrezabalek: «Gaurko baldintzekin zaila izango da hamar segundo horiei buelta ematea, baina itsasoa badago, bi olaturekin tarte hori ez da ezer». Haizearen eragina batez ere ziaboga egitean nabaritu dutela nabarmendu du Urdapilletak: «Asko nabaritzen da arraun egitean, nahiko gogorra bihurtzen delako. Joaneko luzea askoz azkarrago joan gara, haizea alde genuelako, eta itzulerakoa oso gogorra izan da haizea kontra izanik».

Lehen jardunaldiaren ostean, Kontxako Banderaren sailkapena horrela geratu da:

  1. Donostia Arraun Lagunak    10.29.20
  2. Tolosaldea                            10.39.20
  3. Orio                                           10.40.04   
  4. Zumaia                                     10.45.10
  5. Astillero                                    10.53.88
  6. Donostiarra                              10.54.32
  7. Hibaika                                     10.57.14
  8. Hondarribia                             10.58.88  

Bigarren jardunaldia datorren igandean izango da, irailaren 14an, 11:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!