Jendez bete zen atzo arratsaldean Larraulgo plaza, eta ez zen gutxiagorako: Eñaut Urkaregi herritarrak txirrindularitzako junior mailako Munduko Txapelketan urrezko domina lortu berri du madison proban, eta beraz, munduko txapeldun bihurtu. Horrekin batera, Danena taldeko txirrindulariak zilarrezko domina lortu zuen banakako jazarpen proban. Berari omenaldia egin zioten, eta ekitaldian ere Danena taldeko Izaro Etxarri txirrindulari adunarra izan zen, Munduko Txapelketan ere parte hartu baitzuen ere, eta bosgarren postua lortu madison proban.
Danena taldea eta Andoaingo txirrindulari eskola elkartu egin ziren orain gutxi, jubenil mailan gizonezkoen eta emakumezkoen taldea izateko, eta bertako txirrindulariek Urkaregiri eta Etxarriri egindako pasilloarekin hasi zen ekitaldia, Larraulgo elizako kanpaiak entzuten ziren bitartean. Urkaregik ostadar koloreko maillota zuen soinean, eta lortutako bi dominak eskuan. Pankarta erraldoi bat zabaldu zuten Urkaregiren lagunek udaletxearen balkoitik, eta ondoren bi txirrindulariei aurreskua dantzatu zieten, tartean Xabi Irazu entrenatzaileak.
Ondoren, oparien txanda iritsi zen. Ander Altuna Danena Txirrindulari Eskolako zuzendariak txapela jantzi zion Urkaregiri, eta gero Jon Goikoetxea Urkaregiren entrenatzaileak eta Ana Usabiaga Etxarriren entrenatzailea igo ziren oholtza gainera, eta bi txirrindulariek egindako lorpenen argazki bilduma oparitu zieten. Bertsoaren tartea iritsi zen, eta Jexux Mari Irazu bertsolariak bota zuen:
- Eñaut munduko txapeldun
gu re hala sentitzen gera,
ortzadar elastikoa
urrea lepotik behera.
Izaro Etxarri zu ere
tropelaren muturrera,
iaz bezelaxe aurten
hoberenen gailurrera.
Hankak lurrean, hori da
aspaldiko esaera,
zuek hankak pedaletan
ta begirada aurrera,
ta onena hasi besterik
ez dela egin karrera.
Ondoren, Maite Arana Larraulgo alkateak eskultura bana eman zien bi txirrindulariei, Karlos Irazuk egindakoa. Jarraian, Goizane Alvarez kirol diputatuak lore sorta bana eskaini zien bi omenduei. Segidan, ekitaldia gidatzen aritu zen Xabier Usabiagak hitz batzuk eskatu zizkion Etxarriri. Aurreko urtean munduko txapeldunorde izan zen puntuazioan, eta aurtengoan bosgarren madison proban: «Urtero ikasten goaz, eta ea hobetzen dugun. Aurten ere ondo prestatuta joan naiz, baina badakizu ezin dituzula beti sekulako emaitzak lortu. Beraz, hor mantentzea ere zaila da».
Hurrengo unea Urkaregin lagunena izan zen, beraiek egindako maillota oparitu baitzioten. Segidan beste une berezi bat bizitu zen, Lidl-Trek txirrindulari talde profesionaleko Markel Irizar ere Larraulen baitzen. Izan ere, junior mailatik profesionalera egingo du salto Urkaregik, Lidl-Trek taldean ariko baita. Albiste hori irudikatzeko, Markel Irizar oholtzara igo zen, eta berarekin batera Ander Altuna. Urkaregirekin batera argazkia atera zuten, Danenako maillotarekin eta Lidl -Trek taldeko maillotarekin, iragana, oraina eta etorkizuna irudikatuz.
Urkaregiren txanda izan zen mikrofono aurrean, eta munduko txapelduna izateak zer suposatzen zuen azaldu zuen: «Ilusio handia. Hemen, inguruko norbaitek horrelako gauza bat lortzen duenean, poz handia ematen digu denoi, eta niri ere bai, ikusita inguruko jendea nola pozten den». Errepideko denboraldia ez da bukatu, eta Europako eta Munduko txapelketetan parte hartuko du larrauldarrak. «Bietan ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara».
Ander Altunak ere hitz batzuk esan zituen Urkaregiri buruz: «Bederatzi urte pasa dira Eñaut Danenan hasi zenetik, eta gauza asko pasa ditugu. Azkenean iritsi da iritsi den lekura talde osoak sekulako lana egin duelako. Udalek eta babesleek azken lau urteotan laguntza handia eman digute, eta horregatik gaude hemen». Bere aldetik, Markel Irizar Lidl-Trek taldeko zuzendariak Urkaregiren dohainak zehaztu zituen: «Klasikoetan egongo da bere lehenengo jomuga. Ondo moldatzen da hainbat alorretan: erlojupeko ona du, goraka ondo moldatzen da, eta batez ere badu horrelako pedigri berezi bat, posizionatzeko ondo moldatzen baita. Faktore ezberdinak izan dira berari fitxatzeko. Talentua badu eta espero dugu gure etxean leku on bat topatzea hazteko». Ondoren, oholtzara ere Xabi Irazu entrenatzailea igo zen, berak azken lau urteetan egindako lana aitortzeko.
Ekitaldi bukatzeko, sagardo kupel batetik txotx egiteko unea izan zen, eta Urkaregi bera izan zen lan hori egiteko ardura izan zuena. Bere senitartekoak izan ziren lehenak txotx egiten, eta ondoren hainbat herritar pasa ziren bertatik. Azkenik, argazki erraldoi batekin bukatu zen omenaldia.