Jon Maiak itsasoari begira egindako zenbait gogoeta bertso gogoangarri bilakatu zituen, eta gerora, Benito Lertxundik musikatu. Geroztik, askok sentitu izan dute zenbait momentutan ortzimugara begira jarri eta letra horiek kantatzeko gogoa.
Elena Arrese artista tolosarrak ere partekatu zuen bertsolari zumaiarraren ariketa, baina bertsoen ordez, gogoetak artelan bilakatu zituen. Hala, zenbait eskultura eta muralekin bilduma bat osatu, eta ikusgai jarri zituen Donostiako Aquarium Itsas Jauregiko T aretoan. Irailaren 28ra bitarte bisitatu daiteke Itsasoari eskaintzak erakusketa.
Erakusketak itsasoa du abiapuntu eta inspirazio-iturri. Izan ere, Arreseren ustez, Gipuzkoako hiriburua ezin da ulertu itsasorik gabe. «Beti arreta deitu izan dit itsasoaren sakontasunak. Begiratzen dudan bakoitzean, hondoaren misterioak harrapatzen nau, eta sakontasun horrek transmititzen didana islatu nahi izan dut bilduma honetan. Urazalak duen distira eta bertako isladak ere irudikatu nahi izan ditut».
Tolosarraren iritziz, Donostian, itsasoa ez dute olatuek soilik osatzen, baita hondartzek, eguzkiaren edota ilargiaren argiak, horiek sortzen dituzten islak edota urazalean ikusten ez den eta itsasoak ezkutatzen duen orok ere. «Niretzako ikusgarria da hiritik itsasora begiratzea, ispilu efektua nola egiten duen ikustea; gozagarria da».
Bi modu, bi artelan
Ondorioz, Arreseren eskaintzak ez dira mugatzen itsasora bakarrik, baita ingurura ere. Hala hitz-joko bat egin nahi izan du: eskaintzak ondoan eta hondoan. «Itsasoa ikusteko bi modu dira. Batetik, aldamenetik, hiritik bertatik, urazala eta bere ingurua begiratzen ditut. Eta bestetik, uretan murgilduta, itsasoaren hondoa, urazalean ikusten denaz aparte ezkutatzen dena».
Eta bi modu horiek, bi eratara adierazten dira erakusketan: birziklatutako materialekin egindako eskulturen –figura antropomorfoak– bitartez, eta urazala irudikatzen duten muralen bitartez. «Askotan lan egiten dut hondakinekin, eta kasu honetan, bi lan motetan erabili ditut. Eraldaketa edo metamorfosi bat bilatzeko helburuarekin egin dut. Material horiek berpiztu nahi izan ditut».
Aldi berean, jasangarritasunari eta ingurumenari «garrantzi izugarria» ematen diola adierazi du Arresek. «Hori dela eta, itsasoan dagoen zabor guztiaren inguruan kontzientzia pizteko helburua ere badu erakusketak», azaldu du. Erakusketak, berez, ez dauka izaera aldarrikatzailerik. «Ez dut protestarik egin nahi, baina, noski, nire lan egiteko modua erakustearekin batera, ingurumena zaintzearen beharra ere azpimarratu nahi dut».
Bidaia sendagarria
Itsasoari begira egoten direnek kanpoan ikusi eta sentitzen duten argia, itsas hondoan aurkitzen duela adierazi du Arresek: «Pertsonalki, nire barrura bidaia introspektibo eta sendagarri bat egitera gonbidatu nau erakusketa honek». Aitortu du ez diola ezer zor Donostiari, eta ez daukala ezer eskertzeko. «Hala izatekotan, itsasoari».
Testuren eta koloreen bitartez, sentitzen duena islatzen saiatzen dela aitortu du Arresek. «Askotariko materialekin lan egiten dut, eta gustuko dut teknika mistoa erabiltzea, nahasketak egitea. Nire artelanak sentitzen dudana adierazteko modu bat dira. Erakusketara bertaratzen denak bere emozioekin topo egitea nahiko nuke, izan lasaitasunarekin, izan amorruarekin».
'Mila' erakusketa, bihartik aurrera, Okendon
Aquariumeko erakusketa ez ezik, datozen asteetan, bigarren bat jarriko du ikusgai Arresek Donostian, zehazki, Okendo kultur etxeko areto zaharrean. Mila izenburupean, istorio bat sortu du Ipuskoa hitzaren milurtekoaren inguruan, eta ilustrazioekin, muralekin eta eskulturekin bilduma bat osatu du.
Hitzaren eta irudiaren arteko elkarrizketa bat da erakusketa. Gipuzkoan inspiratutako bidaia bisual eta narratiboa irudikatzen du, kondairen eta artelanen bidez, bisitaria memoria-erritu batera gonbidatu asmoz. Ilustrazioetan, esaterako, elkarrekin ageri dira Gipuzkoako paisaia mitikoak, naturaren indarra eta giza irudiaren presentzia.
Bihar, 19:00etan, egileak aurkeztuko du bilduma, zuzeneko musikaz lagunduta. Gero, azaroaren 4ra bitarte bisitatu ahalko da.


