Txahal haragia testuinguruan jarri du EHNE sindikatuak, gaur eguerdian Donostian egin duen agerraldian: «Osasuna, kalitatea, zaporea, animalien ongizatea, ingurumenaren zaintza, suteak ekiditen laguntzea... denak bermatzen dizkigu bertan ekoizten dugun txahal haragiak». Urteetan egindako lanak bere emaitzak ekarri dituela onartu dute nekazaritza sindikatutik: «Kalitatearen aldeko hautuak, errekonozimendu soziala eman dio euskal txahal haragiari; baita balio erantsia ere». Jarraian, ordea, galdera luzatu dute: «Balio erantsi hori, iristen al da behar den lekura?».
Nekazari sindikatuaren arabera, haragia ekoizteko behien sektorea oso urte gorabeheratsuak igarotzen ari da. Lehorteak, Ukrainiako gerra edo Covid-a aipatu dituzte krisi iturburu bezala, baina baita bizitako intsumoen igoera, «ekoizpen kostuak izugarri igoaraziz berarekin». Horren aurrean, beti arazo berdinarekin aurkitzen direla esan dute EHNEtik: «Kostuen gehikuntza ez da berdin iristen ekoizleek jaso beharreko prezioen igoerara».
EHNE Gipuzkoako ordezkarien esanetan, azken bi urte hauetan egoera are gehiago gordindu da txahal haragia ekoizten duten baserritarrentzat: «Argi izan behar dugu zikloa behiekin hasten dela. Gure behiak dira gure larre eta mendiak berde eta garbi mantentzen laguntzen dutenak, eta suhiltzaile lan hau egitearekin batera, ondoren gizenduko diren txahalak ekoiztuko dituztenak. Europa osoan zehar, behi kopurua jaisten ari da. Gaitzak edo martxan ditugun politikek, baserritarrak gogaitu eta aktibitatea uztera besterik ez dute bultzatzen. Eta bestetik, gizentzera pasako diren txahalen atzerri eskaria, edota jada gizendutakoena, igotzen joan da etengabe azken bi urte hauetan». Eskaintza gutxiagori eskari handiagoa gehitzen baldin bazaio, EHNErentzat ondorioa argia da: «Txahal haragirik gabe geratzen ari gara!».
«8€/kanal kiloa baino gutxiago ordaintzen zaion baserritarra esplotatua izaten ari da»
Kontsumitzailea haragia geroz eta garestiago ordaintzen aritu bada ere, EHNEren esanetan, «ia lau hamarkada badira, haragitarako animalien prezioak ia izozturik egon direnak». Azken urteetan, ordea, egoerak behartuta, prezioak gora egin du, eta hori beharrezko zerbait izan dela onartu dute sindikatutik: «Ez baita ahaztu behar txahal pasteroek, 5-7 hilabeteko txahalek, egin behar dutela bideragarri haragitarako behiekin lan egiten duen baserri bat, eta 40 urtean prezio berean txahalak saltzea hondamendi bat izan da».
Zikloa ixteko, ordea, txahal horiek gizendu egin behar izaten dira, gero kontsumitu ahal izateko, eta katea, hor apurtzen ari dela iragarri dute EHNEtik: «Txahal pasteroak balio duen prezioari, gizentzeak sortzen dituen gastuak, arriskuak eta lana erasten badiogu, zorrak egingo ditu baserritarrak, ez bazaio gizendutako animalia horri dagokion prezio igoera egiten. Katea hausten ari da. Txahal mordo bat Euskal Herritik kanpora daramatzate tratulariek euskal haragia baino gehiago ordaintzen ari direlako edozein lekutan, kalitatezko ekoizpen sistematik kanpo, esportaziorako helburuarekin, edo estatuan beste nonbaiten saltzeko, berdin dio». Eta galdera hau utzi dute airean: «Nola gizenduko du txahal bat baserritar batek dirua galtzen badu pasteroa salduta baino?». Izan ere, nekazaritza sindikatuaren arabera, «Euskal Okela, bertako haragia izatea nahi badugu, gizentzen duen baserritarrari dagokion balioa ordaindu behar zaio, pasteroak duen kostua, gizentzeko jango dituen zereal, belar eta bazkak, eta noski, bere lana ordainduko diona».
Zenbakiak ere jarri dituzte mahai gainean: «Gaur gizendutako txahal bat 8€/kanal kiloa baino gutxiago ordaintzen zaion baserritarra esplotatua izaten ari da. 400 kiloko txahalik merkeenek salneurri hori behar dute, eta hortik gora txahal txikiago eta urruxak. Garbi izan behar dute erosi behar duten salmenta kate, bitartekari, kooperatiba edo harakinek».
Bide horretan lan egin nahi duenak, Gipuzkoako EHNErekin harremanetan jartzea eskatu dute.
Donostiako agerraldia amaitzeko, ohar bat ere utzi dute: «Hain harro gauden kalitatezko produktua, garantiaz ziurtapena duena, hormonarik eta AdBlue gabe gizendutakoak, promozio kanpainekin babestua... Edozein modutara ekoiztutako haragi generikoa baino merkeago ordainduta ez dugu ez ekoizpenik eta are gutxiago baserritarrik izango!».