Mendian Korri Eskolan izena emateko aukera zabalik dago

Ataria 2025eko abuztuaren 29a

Eskola irailaren 1ean hasi eta ekainaren 26ean bukatuko litzateke. 2015etik, hauek barne, eta aurrerakoentzat zein helduentzat zuzenduta egongo da. 

Jokin Lizeaga mendi korrikalari eta entrenatzailea arduratuko da denboraldiko entrenamenduen planifikazioa egiteaz. Malen Osa mendi korrikalari eta eskiatzailearekin eta Iker Karrera mendi korrikalariarekin saio bereziak egingo dituzte, eta Naila Jornet eta Joseba Tobar mendi eskiatzaileekin mendiko eskia egiteko aukera izango da. Ibon Artola mendi gidari eta mendi korrikalaria izango da eskola eta bertako saioak antolatzearen arduradun eta gidaria. 

Mendian Korri Eskolaren helburuak ondorengoak dira: aktibitate fisikoaz eta ingurumenaz gozatzea; segurtasuna, ingurumena, orientazioa eta prestaketa fisikoa bezalako edukiak jorratzea; mendizaletasunari lotuta dauden laguntasuna eta errespetua bezalako balioak lantzea; mendian korrika egiten, ibiltzen, mugitzen… bakoitzak bere lekua aurkitzea, lehiatzeko izan edo ez; mendian autonomo izaten ikastea; eta lehiatzeko asmoa duten gazteei saioez aparteko entrenamenduekin laguntzea. Nahi dutenek Euskal Herriko Kopan parte hartzeko aukera izango dute kadete, jubenil eta junior mailan. Zegama-Aizkorri junior bezalako lasterketetarako ere lagunduko zaie. Errendimenduari dagokionez helburu nagusia ez dira izango lasterketetako emaitzak. Hobetzen joatea, entrenatzen ikastea, esfortzuaz gozatzea edota konstantziaren garrantzia bezalako balioak hartuko dira oinarri bezala. 

Mendian Korri Eskola elkarlanean ari da Kilian Jornet Fundazioarekin, eta urtean zehar proiektu eta helburu ezberdinak aurrera ematen egingo dute lan. Bestalde, 20 urtetik beherako gazteek aukera izango dute Soronea-Ammma mendi lasterketako taldearen kide izateko eta lasterketetan talde horretako partaide bezala ateratzeko. Euskal Herriko Kopan lehiatzeko, adibidez, beharrezkoa da federatzea eta hori nahi dutenek aukera izango dute Soronea-Ammmaren bitartez federatzeko. Eskolako gazte batek bere mendi elkarteko, herriko... taldearekin lehiatzeko asmoa izango balu ez litzateke inolako arazorik egongo.

Mendiko eskia Naila Jornet eta Joseba Tobarrekin

Datorren denboraldira begira ideia berriak dituzte eta horietako bat mendiko eskiari tokia egitea da. Horretarako bi irakasle «ezin hobe» gehituko dira eskolara: Naila Jornet eta Joseba Tobar. Mendia, elurra, abentura, eski lasterketak... helburu eta ilusio ezberdinak izan ditzaketen gazteei mendiko eskia ezagutzeko edota horretan hobetzeko aukera eskaini nahi diete. «Batzuk mendian korri eta eskiatzea uztartu nahiko dituzte, beste batzuk korri bakarrik eta beste batzuk eskia soilik. Denentzat egongo dira ateak irekita», esan dute eskolatik. Eskiarekin interesa azaltzen dutenen arabera antolatuko dira irteerak eta saio horien prezioak. Mendiko eskia 14 urte ingurutik aurrerakoentzat izango da baina kasu bakoitza aztertuko dute. Lehentasuna izango dute urtean zehar eskolan ari direnek. 

Malen Osa eta nesken parte hartzea

Nesken parte hartzea bultzatu nahi dute eskolatik eta Malen Osa Mendian Korri Eskolan helburu horretan esku bat botatzeko izango da. Urtean zehar saioak antolatuko dituzte Osak gidatuta 14-20 urte bitarteko neskentzat. Lehentasuna izango dute urtean zehar eskolan ari direnek. 

2026ko udara

Astebete inguruko Mendian Korri Udalekuak antolatuko dituzte inguruko parke naturaletan, Pirinioetan edo Alpeetan. Lehentasuna izango dute urtean zehar eskolan ari direnek. 

Egunak eta ordutegiak

Astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna edo ostirala dago aukeran. Egun bakarra, bi egun edo hiru aukeratzea egongo da. Parte hartu nahi duenak oraindik ez badaki zein egunetan parte hartuko duen, aurrerago zehaztu daiteke. Izena emateko garaian proposatu zein ordutegi etorriko dagokion norberari ondo egun bakoitzean, hau da, zein ordutatik zein ordutara duen posible eta partaideen aukerak, adina eta baldintzak baloratuz talde eta ordutegi egokienak antolatuko dira. 

Saioak

Tolosaldeko saioak Tolosan izango dira. Egon daitezkeen izen emateen arabera baloratuko da saioak beste eskualderen batean egiteko aukera. Saioetara joaterik ez duten 2011tik aurrerakoei aukera emango zaie bere kabuz egin ditzaketen entrenamenduekin laguntzeko eta jarraipena egiteko. 

Prezioak

2015-2012 jaiotakoentzat, biak barne:

  • Egun bat: 28 euro hilean
  • Bi egun: 34 euro hilean
  • Hiru egun: 38 euro hilean

2011-2007 jaiotakoentzat,  biak barne:

  • Egun bat: 32 euro hilean
  • Bi egun: 38 euro hilean
  • Hiru egun: 42 euro hilean

Helduentzat,  2008tik gorakoak:

  • Egun bat: 38 euro hilean
  • Bi egun: 45 euro hilean
  • Hiru egun: 50 euro hilean

Prezioaren barnean sartzen dira partaideen istripu asegurua eta erantzun zibileko asegurua.

Informazio gehiago jasotzeko, edota galderak egin, zalantzak argitu eta proposamenak egiteko mendiankorrieskola@gmail.com idatzi daiteke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!