Bakarkako jazarpenean zilarrezko domina lortu ondoren, oraingoan urrezko domina eta ostadar maillota lortu du Eñaut Urkaregi txirrindulari larrauldarrak, junior mailako Munduko Pista Txapelketan, Madison modalitatean. Bikoteka jokatzen da Madison proba, eta Urkaregik Eric Igual txirrindulari valentziarrarekin lortu zuen txapeldun izatea.
Hasieratik erakutsi zuten biek zerbait garrantzitsua lortu nahi zutela, probako lehen hiru esprintak irabazi ondoren. Hala ere, gogor aritu behar izan ziren, azken unera arte emozio handiko saioa izan zelako. Hurrengo sei esprintetan ere puntuatzea lortu zuten, eta baita ere itzuli bat irabaztea, Britania Handiko selekzioko bikoak eta Italiako selekzioko bikoak lehen postutik kendu zituztenean.
Urkaregik eta Igualek ez zuten lortu azken esprintetan punturik eta hori baliatu zuten Britania Handiko, Alemaniako eta Italiako bikoek sailkapenean gerturatzeko. Azken esprintean jokatu zen dena, eta Urkaregik eta Igualek bi puntu eskuratu zituzten laugarren iritsi eta gero, eta horrekin proba irabaztea lortu zuten Italiako bikoari puntu bakarra atereaz.
Urkaregik omnium proban ere parte parte zuen txapelketan, eta hamargarren postua lortu zuen.
Izaro Etxarrirentat meritu handiko emaitzak
Adunako Izaro Etxarri txirrindulariak bosgarren postua lortu zuen Madison proban, Leyre Almena valentziarrarekin batera. Azken esprintera brontzezko domina lortzeko aukerarekin iritsi ziren, baina azkenean Australiako selekzioko bikoak kendu zien aukera hori.
Etxarrik puntuazio proban ere parte hartu zuen, eta zortzigarren postua lortu zuen. Guztira 12 puntu lortu zituen, bosgarren esprinta irabaziz eta bigarren izanez finalean. Iazko Munduko Txapelketan, Txinan, txapeldunorde izan zen adunarra.
Izaro Etxarri, puntuazio proban. RFEC
