Bigarren bandera eta bigarren postua Euskotren Ligan

Ataria 2025eko abuztuaren 24a

II. Getariako Ikurrina - Iparragirre 75 urte Sari Nagusia bandera irabazi du Tolosaldeak, Donostia Arraun Lagunak traineruarekin lehia estuan. Gaurko bandera irabazita, gainera, bigarren postua lortu dute ligan.

Bukaera ezin hobea eman dio eskualdeko traineruak Euskotren Ligari. II. Getariako Ikurriña - Iparragirre 75 urte Sari Nagusia zegoen jokoan gaur, Getariako uretan, eta bandera irabaztea lortu dute, estropada bikaina eginez. Tolosaldeak 10.39,76ko denbora egin du eta Donostia Arraun Lagunak taldeari 2,48ko denbora atera dio. Honenbestez ligako bere bigarren bandera lortu du Tolosaldeak.

Garaipen estua izan da, azken 500 metroren faltan bi traineruak parean baitzeuden. Tolosaldea taldekoek atzoko estropadaren arantza atera nahi zuten, eta bukaera bikaina egin dute, azkenean bandera lortuz. Izan ere, atzo Ondarroan egindako estropadan bigarren egin zuten eskualdekoek, Donostia Arraun Lagunak taldeak azken metroetan aurre hartu eta 44 ehunenekorengatik bakarrik irabaziz.

Gaurko banderarekin Euskotren Ligako bigarren postua lortu dute gainera Zerkausia ontzikoek. Atzo Oriori puntu bat kendu zioten, eta gaur beste bi puntu, oriotarrak hirugarren izan direlako. Hori horrela, bi ontziak 105 punturekin bukatu dute liga, biek bi banderarekin, eta, beraz, azken estropadan egindakoak balio du berdinketa hausteko. Egun biribila izan da, beraz, Tolosaldeakoentzat.

Getarian hasitako festak gaur arratsaldean jarraituko du. Izan ere, 18:00etan bandera eskainiko dute Tolosaldea taldekoek herritarrei, Tolosako udaletxean.

Argazkiak: Eitb.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!