«Ahal dugun gorenen geratu nahi dugu bi estropadetan»

Ataria 2025eko abuztuaren 23a

Tolosaldea trainerua, XIV. Euskotren Banderan. AITOR ARRIZABALAGA/ACT

Euskotren Liga amaitzeko bi estropada besterik ez dira geratzen. Gaur, Ondarroan jokatuko dena, eta bihar, Getariakoa. Tolosaldea hirugarren postuan dago, Oriotik hiru puntutara.

Ramon Erostarbe Tolosaldea taldeko entrenatzaileak garbi du zein den helburua falta diren bi estropadetan: «Ahal dugun gorenen geratu nahi dugu bi estropadetan. Aurten ikusi da ondoen itsasoan moldatzen garela. Egia da itsasoko estropada gutxi izan direla, eta besteetan defendatzen gara. Azken estropadetan ikusten ari gara goraka goazela. Gure helburua asteburuan, besteetan bezala izango da, irabaztea. Bide batez, ea lortzen dugun bigarren postua kentzea Oriori, zaila izango bada ere, denboraldian osoa zehar bezala».

Tolosaldea hirugarren doa Euskotren Ligan, 90 punturekin, eta Oriok du bigarren postua, 93 punturekin. Lehen postua ziurtatuta du Donostia Arraun Lagunak traineruak, 105 puntu baititu. Gaur arratsaldean, 17:25etik aurrera, V. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia izango da jokoan. Bihar, II. Getariako Ikurrina - Iparragirre 75 urte Sari Nagusia bandera jokatuko dute, 11:20tik hasita.

Denboraldiaren balantzea «oso positiboa» dela esan du Erostarbek. «Estropada bat irabaztea lortu dugu. Aurreko urtean ere bai, banderarik ez bagenuen lortu ere. Baina aurtengoan bandera lortu ahal izan dugu, oso polita gainera. Horrez gain, Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu dugu. Beraz, bi bandera oso garrantzitsu dira guretzako, klub bezala, eta talde bezala. Ikusten da pixkana goraka goazela».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!