XVII. Zarauzko Ikurrina izan da jokoan asteburuan, eta bi jardunaldietan bigarren postua lortu du Tolosaldea traineruak, Euskotren Ligako sailkapenerako 14 puntu gehituz. Bandera Donostia Arraun Lagunak ontziak lortu du, bi jardunaldietan irabazita. Oriok hirugarren egin du bi jardunaldietan.
Donostia Arraun Lagunak traineruak atzoko estropadan hamar segundoko tartea atera zion Tolosaldeari, eta horrek asko erraztu dio bandera lortzea. Gaur ere bederatzi segundoko tartea atera dio eskualdeko ontziari. Tolosaldeak atzoko jardunaldian Oriori hamabi segundoko tartea atera zion, baina oriotarrek gaur gehiago estutu dute, eta Zerkausia ontzikoek bi segundogatik bakarrik lortu dute bigarren postua.
Zarauzko bi jardunaldien ondoren, Tolosaldeak bi puntu kendu dizkio Oriori sailkapenean, eta hirugarren postuan jarraitzen badu ere, 90 puntu batuz, orain oriotarrak (93 puntu) hiru puntura besterik ez dituzte. Donostia Arraun Lagunak ontziak sendo jarraitzen du lehen postuan, 105 punturekin, eta beraientzako izango da Euskotren Liga, bi estropada besterik ez baitira geratzen. Datorren larunbatean, hilaren 23an, Ondarroan jokatuko da hurrengo estropada, eta egun bat beranduago, hilaren 24An, Getarian jokatuko da ligako azken estropada.