Hainbat trafiko eragozpen, Donostiako Klasikoa dela-eta

Ataria 2025eko abuztuaren 1a

Donostiako Klasikoa, 2023an, Alkizatik pasatzen. E. APALATEGI

Bihar jokatuko dute Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba, eta eskualdea hainbat aldiz zeharkatuko du tropelak. Hori dela eta, trafiko eragozpenak izango dira hainbat herritan.

Donostiako Klasikoa txirrindulari lasterketa jokatuko dute bihar —abuztuaren 2an—, eta eskualdeko trafikoan eragina izango du. Gipuzkoan barrena 211 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek eta, tartean, hainbat aldiz pasako dira Tolosaldetik.

Txirrindulariak iritsi baino bi ordu lehenago moztuko dute trafikoa ibilbidean zehar —ezinbesteko baldintza izaten da UCI mailako kirol probetan— eta tropela igaro ahala zabalduko dute berriro ere. Hori horrela, eragozpenak izango dira —ibilbidearen hurrenkeran— Zizurkilen, Asteasun, Bidania-Goiatzen, Albizturren, Tolosan, Anoetan, Alkizan (berriro, Zizurkilen) eta Adunan.

Antolatzaileen web orrialdean ikus daiteke tropela leku bakoitzetik zein ordutan pasatzea aurreikusten duten.

Tolosan hainbat eragozpen
Herriaren erdigunetik pasako da tropela larunbatean; hori dela eta, San Frantzisko pasealekuan eta Rondilla zein Barrena kaleetan, esaterako, ezingo da aparkatu goiz osoan zehar. Horrez gain, txirrindulariak iritsi baino bi ordu lehenago moztuko dute trafikoa, hau da, 11:00ak aldera. Lasterketa igaro ahala zabalduko dute, eta ordutik aurrera aparkatu ahal izango da.

Horrez gain, kale horietako autobusen geralekuak (Hiribusa, Lurraldebus...) bertan behera geratuko dira, 11:00etatik 15:00etara. Ordu tarte horretan, Santa Klara kalean egingo dituzte geldialdiak. 15:00etatik aurrera, berriz, ohiko kokalekuetan izango dira.

Aurreikuspenen arabera, tropela 13:40 eta 13:55 artean iritsiko da Tolosara, Bidania-Goiaztik. Olarrain auzotik, Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea gurutzatuko ditu, hurrenkera horretan, eta Kale Barrenako saihesbidean Anoetarako bidea hartuko du.

Txirrindulari guztiak pasa arte, errepidea alde batetik bestera ez gurutzatzeko eskatu du Udaltzaingoak, ikusleen eta kirolarien segurtasuna bermatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!