Adunako Zabala sagardotegian banatu dituzte VII. Jakitea sariak. Juan Manuel Garmendia izeneko sari nagusia, produktu eta kalitate oneneko jatetxeari ematen zaiona, Berrobiko Iriartek jaso du aurten. Elkarteko lehendakari Xabier Zabaletaren eta Beasaingo Kattalin erretegiko Arantxa Arrizabalagaren eskutik «hunkituta» jaso du saria Felix Belauntzaranek.
Epaimahaiak Iriartek dituen merituen artean jarri du txerrikumeekin egiten duen lana eta Belauntzaranek txerritegia etxean bertan edukitzeak dakarren abantaila azpimarratu du. «Sari honen atzean jatetxeko lantaldea dago; emaztea eta alabak ere alboan ditut eta haientzako da nire esker ona. Ilusioak irauten didan bitartean jarraituko dut». Hastapenetan Roberto Ruiz sukaldariarekin ikasitakoa gogoratu eta harentzat ere esker hitzak izan ditu Iriarteko nagusiak.
Hain zuzen, gaur egun Hika txakolindegian sukaldari den Ruizek jaso du beste Jakitea sarietako bat, 0 kilometroa / Eusko Label saria. Elkartekoekin eskertuta agertu da beasaindarra: «Nik nire burua ez dut meritu handikotzat jotzen. Zerbait egitekotan arduraz jokatu dut, arduraz baserritarrekin, azokekin eta inguruko merkatariekin». Lurra zaintzeko deiarekin amaitu du hitzartzea Ruizek.
Tolosaldean geratu diren bi sariak izan dira horiek, baina beste bederatzi ere banatu ditu epaimahaiak:
- Jatetxe onenari saria: Lasarte-Oriako Herriko etxea (Javi Penas eta Izaskun Gurrutxaga).
- Bertako ekoizleari saria: Getariko Kosta Aroa (Jaime Burgaña).
- Pintxo tradizional onenari saria: Donostiako Zazpi tabernako belarri gisatua (Paul Arrillaga).
- Plater tradizional onenari saria: Tafallako Tubal jatetxeko txopetakoa (Nicolas Ramirez).
- Euskarara sustatzeagatik errekonozimendua: Oiartzungo Biok eramateko janaria (Pablo Miranda eta Rebeca Leyva).
- Ibilbide osoari saria: Ainhoa Ithurria jatetxeko Maurice Isabal.
- Elkartasun saria: Bizkaiko Bisubi fundazioa.
- Bertakotzeagatik errekonozimendua: Donostiako Itxaropena tabernako Moha Arab.
- Mikel Corcuera kazetaritza gastronomikoari saria: Oraitz Garcia Rekondo.