GOGORATUZ

Olgetan bezala, baina serio

Jon Miranda Labaien 2025eko abuztuaren 9a

Joxe Ramon Berrondo, Maialen Indakoetxea eta Maitane Iturrioz. J.M.

Andoain, Amasa-Villabona eta Tolosako kideek 2023an sortu zuten erromeri taldea eta aurtengo udan 30 emanalditik gora eskainiko dituzte. Taldeaz hitz egin dute Joxe Ramon Berrondok, Maialen Indakoetxeak eta Maitane Iturriozek.

Aiert Egaña andoaindarra baterian, Eñaut Egaña andoaindarra tronboian, Joxe Ramon Berrondo andoaindarra tronpetan, Egoitz Zubeldia tolosarra baxuan, Alain Garcia tolosarra gitarran, Maialen Indakoetxea tolosarra ahotsean-panderoan eta Maitane Iturrioz billabonatarra trikitian. 25 urtez azpikoak dira Olgetan erromeri taldeko kide titularrak; beste hainbestek egiten dituzte ordezko lanak haiek plazetara atera ezin dutenak. Gazteak dira denak baina saiatuak.

Noiz, non eta nola sortu zen Olgetan erromeri taldea?

Joxe Ramon Berrondo: Aspalditik nuen gogoa plazetan jotzeko. Aurretik txarangetan eta bandarekin ibili izan naiz, baina behin ere ez talde batean. Horregatik, txarangan nire kide izandako Gorka Otamendirekin hasi nintzen kontua mugitzen eta taldekide izango zirenekin kontaktatzen. Gogoan dut Hernialdeko Elketan egin genuen lehen hitzordua 2023ko udan. Udazken hartan entseatzen hasi eta 2024ko martxan hasi genuen ibilbidea ofizialki.

Zergatik erromeri talde bat?

Maitane Iturrioz: Herriko festetan askotan ikusi ditugu erromeriak eta talde horiek izan dira guretzat erreferente. Argi geneukan hortik jo nahi genuela.

Berrondo: Bai, gurea berbena taldea da. Agian, Euskal Herrian bereizgarria ditu trikitia eta panderoa, baina beste herrialdetan ere izaten dira horrelakoak.

Haize sekzioa du, ordea, zuenak. Nobedadea da hori?

Berrondo: Berrikuntza baino gehiago esango nuke berreskuratu dugun kontua izan dela. Lehen ohikoak ziren haize sekziodun taldeak: Ze esatek, Betagarri, Vendetta... ska munduko taldeak alegia. Guk tradizio hori, trikiti eta panderoarena berreskuratu dugu, eta aldi berean, baita tradizio txarangeroa ere, tronpeta eta tronboiarekin.

Maialen Indakoetxea: Trikitia eta panderoa, akaso, motz geratzen zaio jendeari eta beste instrumentuak batuz gero jantziagoa geratzen da pieza. Hori da gaur egungo joera eta erromeri talde askok, guk bezalaxe, Euskal Herrian dabiltzan taldeen bertsioak egiten dituzte.

Plaza taldeen artean hutsune bat betetzera dator Olgetan?

Indakoetxea: Gu sortzearekin batera hasi dira beste batzuk ere, eta esango nuke mugitzen hasi dela kontua. Hemen inguruan behintzat, duela pare bat urte baino talde gehiago dabiltza.

Berrondo: Ez da talde faltarik gaur egun. Talde asko daude eta plaza asko daude betetzeko. Guretzako kultura eta aberria egiteko modu bat ere bada musika txoko horietara eramatea.

Zeintzuk dira arrakasta gehien duten kantuak?

Iturrioz: Aurten, Suneren Txitxarro; boladan dago eta jendeari asko gustatzen zaio. Baita Miruaren Salda badago. Guk talde askoren bertsioak egiten ditugu: ETS, Zetak, Vendetta, Gozategi, Egan, Kristina Solano, Doctor Deseo, Hemendik At, Zopilotes Txirriaus...

Indakoetxea: Badira beste erromeri taldeetan entzuten ez diren eta nahikoa harrera beroa duten kantuak ere, hala nola Vendettaren Udarako gau luzeak eta Ze esatek taldearen Kantuz eskertu, adibidez.

Berrondo: Doctor Deseo bat trikitiarekin jo daitekeen bezala, Huntzaren kantu bat tronpeta eta tronboiarekin jo daiteke. Brillo berezia ematen die horrek gure bertsioei. Dena den, errepertorioa plazak definitzen digu. Plazan mugitzen diren abestiak jotzen bukatzen dugu beti.

Iturrioz: Horregatik adi egon behar dugu beti, zein kanturen bertsioak egin ditzakegun begira. Entsegu asko egin behar izan ditugu, batez ere, kantuak gurera moldatzeko.

Indakoetxea: Taldekideetako bakoitza gainera, mundu jakin batetik dator. Ni eta Maitane, agian, trikiti-pandero mundu horretatik gatoz; Joxek, Aiertek eta Eñautek txaranga mundu hori ezagutzen dute; eta musika eskolan ikasi dute Egoitzek eta Alainek. Errepertorioa muntatzeko garaian abantaila da hori.

Berrondo: Proiektuaren hasiera indartsua izan zen. 2023ko bukaeran elkartu ginen zazpi kideak lehenengo aldiz, urtarrilean entseatzen hasi eta martxoan izan genuen lehen kontzertua, Zizurkilgo Zurito egunean. Bi orduko kontzertua prestatu behar izan genuen lehen aldi hartarako eta erronka handia izan zen. Handik gutxira, lau orduko kontzertu bat eman genuen Orbaitzetan, ekainean. Errepertorio zabal hori prestatzeak lanak eman zizkigun eta oso denbora laburrean egin genuen. Orain, horren fruituak jasotzen ari gara. Aurten ez ditugu hainbeste entsegu egin, aurretik dauzkagun kantu horiei beste hamar bat berri gehitu dizkiegu eta.

Zeuen kantuak sortzeko asmorik baduzue?

Iturrioz: Zeozertan aritu ginen duela gutxi, baina oraingoz ideia ez da gauzatu. Ez dugu salto hori eman, bertsioak egitetik gure kantuak sortzera. Bertigo pixka bat ematen du.

Berrondo: Erritmo bizian egin dugu bidea eta oraingoz ez dugu tarterik hartu. 20 bat emanaldi eskaini genituen iaz eta aurten 30 saiotik gora izango ditugu.

Indakoetxea: Bai, ez genuen horrelakorik espero. Esango nuke erantzun ona jaso dugula transmititu duguna ilusioa izan delako; pretentsio handirik gabe, ez gara arrakasta bilatzeko gogo horrekin abiatu. Orain arte natural egin dugu bidea eta horrela jarraitu nahi dugu aurrerantzean ere.

Maialen Indakoetxea (ahotsa eta panderoa): «Pretentsio handirik gabe, ez gara arrakasta bilatzeko gogo horrekin abiatu.  Orain arte natural egin dugu bidea eta horrela jarraitu nahi dugu aurrerantzean ere»

 

Harrera ezberdina al da plaza batean edo bestean?

Berrondo: Euskal Herriko zazpi probintzietan, harrera ezberdina dute kantuek. Beste faktore askok ere badute zerikusia: egunez edo gauez aritzen garen, publikoan daudenak gaztetxoak edo helduagoak diren...

Indakoetxea: Batzuetan gehiago eskatzen dizkizute fandangoak eta arin-arinak eta besteetan, berriz, gaur egun puri-purian dauden kantuak. Jendearen arabera moldatzen joaten da gure errepertorioa.

Iturrioz: Gehiena Gipuzkoan jotzen dugu, eta Bizkai aldean ere aritu izan gara. Orain, saltoa eman eta Nafarroan ari gara emanaldiak eskaintzen. Aurten Garraldara goaz eta Tuteran ere joko dugu.

Zein tokitan nahiago duzue jo, plazan, gaztetxe batean, areto batean?

Iturrioz: Gehienbat herriko plazetan jo izan dugu eta, bi gaztetxeetan baino ez, Arrasatekoan eta Elgoibarkoan. Giro diferentea da. Nik nahiago dut plazetan aritu.

Indakoetxea: Plazetan giroa ezberdina izaten da, festa baten testuinguruan izaten delako gehienetan eta jendea girotuta egoten delako gu azaltzerako. Asko gustatzen zait giro hori.

Non entseatzen duzue?

Iturrioz: Iaz Iruran egin genituen lehenengo entseguak eta, aurten, Urnietako kiroldegian aritu izan gara.

Berrondo: Ez gara taldeko zazpiak bakarrik aritzen. Kideok beste konpromiso batzuk ere badauzkagu eta horregatik guretzako garrantzitsuak dira ordezkoak. Badira bost ordezkoekin jo izan ditugun kontzertuak eta primeran joan dira. Sare garrantzitsu bat da gurea, ia hamabost pertsonakoa.

Zergatik aukeratu zenuten Olgetan izena?

Indakoetxea: Zerbait berezia nahi genuen. Olgetan hitz bizkaitarra da eta nire kuadrillako Whatsapp taldeari horrela deitzen diogu. Hortxe atera zen izena eta horrela geratu zen. Algaran, parrandan, barrez, festa giroan ibiltzea esan nahi du hitz horrek eta aproposa iruditu zitzaigun.

Irudia ere sortu duzue. Garrantzitsua da alde hori zaintzea eta sare sozialetan presente egotea?

Indakoetxea: Bai. Bisuala eta dinamikoa errazago saltzen da eta errazago iristen da jendearengana. Detaile horiek zainduz gero aukera gehiago duzu toki ezberdinetara iristeko. Logoa ere sortu genuen propio. Inguruko sortzaile batek, Iñaki Tristanek sortu zigun. Diseinuan Olgetan horrek transmititu nahi duena islatzen saiatu da.

Berrondo: Sare sozialak oinarrizkoak dira gaur egun. Gure emanaldi gehienak bertatik lotzen ditugu. Guk azpilan bat egiten dugu udaletxeekin eta eragileekin, baina bezero gehienek Instagramen izaten dute gure berri. Nahiko aktibo izaten saiatzen gara sare sozialetan eta astero eduki berriak igotzen ditugu. Youtube kanala ere badugu.

 

Joxe Ramon Berrondo (tronpeta): «Merkatua ez da toki guztietan hain duina. Plaza hoberenak, gero, duintasun gutxien izaten dutenak izaten dira. Talde gehiagok jo nahi dute bertan eta baldintzak okertu egiten dira»

Asko borrokatu behar izaten duzue zuen katxeta?

Berrondo: Aurten gutxiago. Lehengo urtea zailagoa izan zen. Hasieratik saiatu gara gauzak duin egiten. Merkatua ez da toki guztietan hain duina. Plaza hoberenak, gero, duintasun gutxien izaten dutenak izaten dira. Talde gehiagok jo nahi dute bertan eta baldintzak okertu egiten dira.

Indakoetxea: Denoi gustatuko litzaiguke data zehatzetan toki konkretutan jotzea. Baina iruditzen zaigu gurekin batera ari diren beste erromeri taldeekin izan behar dugula lagunkoi. Denok gaude elkarrekin eta elkar laguntzen ez badugu ez goaz inora. Kosta ala kosta nonbaiten jo nahi izateagatik zeure ordainsaria jaisten baduzu, ingurukoena ere jaisten duzu.

Maitane Iturrioz (trikitia): «Guk nahiago dugu kontzertu gutxiago eman baina duinagoak, eta ez aritu baldintza eskasetan kontzertu asko ematen. Atzeko lanari ere balioa eman nahi diogu»

Iturrioz: Bai eta guk atzeko lanari ere balioa eman nahi diogu. Gauza asko hartu behar dira kontuan: data batzuk itxi, ordezkoak lotu, entseguak egin, sare sozialak kudeatu... Konpromiso handia eskatzen du. Guk nahiago dugu kontzertu gutxiago eman baina duinagoak, eta ez aritu baldintza eskasetan kontzertu asko ematen.

Indakoetxea: Filosofia hori zaintzen dugu, baldintzei begiratu nahi izaten diegu, modu horretan talde giroa ere zaindu egiten delako. Gutxiago erre eta hobeto aritzen gara.

Berrondo: Jo egin nahi dugu, egia da. Gazteak gara, baina serio hartzen dugu. Lan bat da guretzat. Duin aritu nahi dugu. Guk duintzen baldin baditugu plaza horiek, atzetik datozenek ere baldintza horietan egin ahal izango dute lan. Uste dut, hala ere, gaur egun gauzak duin eginda ere plazara ateratzeko aukera dagoela.

Iraungipen datarik jartzen al diozue Olgetan taldeari?

Iturrioz: Oraingoz ez diogu geure buruari planteatu. Gurea nahiko talde berria da eta oraingoz horrela jarraitzeko asmoa dugu. Nik egunen batean taldea utzi behar badut, gustatuko litzaidake beste batek nire tokia hartu eta beste horrek jarraitzea izaten Olgetaneko trikitilari. Ideia hori, nik behintzat badaukat. Olgetan ez da zerbait itxia.

Berrondo: Horregatik, taldekideak eta ordezkoak kontuan hartuta, gaur egun, hamabost lagun inguru gabiltza proiektuan. Uste dut Olgetan zazpi pertsonen gainetik dagoen proiektua dela. Talde gutxik dute horrelako sare bat atzean.

Zein jarrerarekin joan behar du jendeak zuen emanaldi batera?

Iturrioz: Ondo pasatzeko gogoarekin hurbildu daitezela, dantzatzeko eta kantatzeko gogoarekin.

Indakoetxea: Askotan joaten den jende kopuruak ez du baldintzatzen giroa; jende gutxi egonda ere, haien berotasuna sentitzen dugu oholtza gainetik eta oso eskertuta gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!