Domina bat eskuratzeko zorian izan dira Etxarri eta Urkaregi

Endika Apalategi Labayen 2025eko uztailaren 21a

Izaro Etxarri pistako Europako Txapelketan. RFEC.

Asteburuan, Anadian (Portugal), junior mailako pistako Europako Txapelketa jokatu da, eta bertan izan dira Izaro Etxarri adunarra eta Eñaut Urkaregi larrauldarra.

Izaro Etxarri adunarra eta Eñaut Urkaregi larrauldarra, Portugalen jokatu den junior mailako pistako Europako Txapelketan domina bat eskuratzetik hurbil geratu dira, madison proban zehazki. Etxarrik, Leyre Almenarekin bikoa osatuta, azken esprintean galdu dute brontzezko domina, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan dute. Urkaregik, berriz, bosgarren postuan amaitu du proba. Larrauldarrak Eric Igualekin osatu du bikoa eta 9 puntu eskuratu dituzte guztira.

Puntuazioko proban bederatzigarren eta hamaikagarren

Larunbatean egin zen puntuaziozko proban, Urkaregi bederatzigarren izan zen. Urkaregik 27 punturekin amaitu zuen proba, eta emandako maila amaierako emaitzak erakusten zuena baino hobea izan zen. Etxarriren kasuan, larunbatekoa ez zen bere egunik honena izan. Espezialitate honetan munduko txapeldunordea den adunarrak, ez zituen bere hankarik honenak aurkitu eta hamaikagarren postuan amaitu zuen.

Jazarpen proban errekorra eta bosgarren postua

Jazarpen probari dagokionez, Etxarrik Espainiako errekorra egitea lortu zuen, Leyre Almenak pasaden urtean ezarritako errekorra zazpi segundoan jaitsiz (3:43.829) denborarekin. Adunarrak Espainiako errekorra ezarri bazuen ere, ez zen nahikoa izan hamar honenen artean sailkatzeko. Urkaregi bera ere bere marka pertsonala hobetzetik bi hamarrenetara besterik ez zen geratu, eta lortu ez bazuen ere, bosgarren postuan sailkatzeko balio izan zion (3:12.242) denborarekin.

Gainontzean, taldekako jazarpen proban ere parte hartu zuten Etxarrik eta Urkaregik. Bakarkako proban bezala, taldekakoan ere Espainiako errekorra egitea lortu zuen adunarrak eta laugarren postuan amaitu zuten. Urkaregi eta bere taldekideek ere proba ona burutu zuten eta seigarren izan ziren azken sailkapenean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!