Erasun, Plazandreak txapelketako finalean

Ataria 2025eko uztailaren 18a

Plazandreak txapelketako finalaren aurkezpena, atzo, Bilbon.

Behar Zanako pilotari zizurkildarrak astelehenean jokatuko du lau eta erdiko finala, Amaia Aldairen aurka, Bilboko Esperantza pilotalekuan.

Astelehenean, uztailak 21, Plazandreak txapelketako finalak jokatuko dira, Bilboko Esperantza pilotalekuan. 19:30ean hasiko da jaialdia, binakako finalarekin. Zabaleta-Mendizabal bikoteak jokatuko du gorriz; urdinez, berriz, Ibarrola eta Gaminde ariko dira. Ondoren, lau eta erdiko txapelketako finala jokatuko du Behar Zana elkarteko Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak. Amaia Aldairen aurka neurtuko ditu indarrak.

Aldai hiru aldiz izan da lau eta erdiko txapeldun, eta inoizko espezialista handiena da buruz buruko lehian. Erasunek, baina, ez dio erraztasunik emango. Atzelaria bada ere, bikain moldatzen da kaiolako jokora, denboraldi bikaina borobiltzeko garaipen handi bat nahiko du. Zizurkildarra izango da, ziurrenik, azken hilabeteetan bere jokoan garapenik handiena izan duen pilotaria, eta oso arriskutsua da edonorentzat. Gaitasunik ez zaio falta, behintzat.

Astelehenean, 18-9 irabazi zion Erasunek Miriam Arrillagari, eta emaitza horri esker lortu zuen finalerako txartela. Nagusitasunez gailendu zen zizurkildarra. Atzelaria izanagatik, lau eta erdiko jokoa bikain menderatzen du, fisikoki oso pilotari gogorra da, buruz ere nekez amore ematen duen horietakoa. Hori gutxi ez, eta pilotari ere Arrillagak baino abiadura handiagoa eman zion finalerdian, tantoak amaitzerako orduan postura guztiak dominatzen zituelarik.

Finalean, izenez eta palmaresez, Aldai faboritoa izan daiteke, baina Erasunek inoren beldurrik ez izateko jokoa eta nortasuna dituela agerian geratu zen asteleheneko finalerdian.

Edukiera bete arte, sarrera doakoa izango da. Bilbora joaterik ez duenak, etxetik ikusi ahal izango ditu finalak, Euskal Telebistak osorik emitituko baitu jaialdia, 22:20 aldera hasita.

Udako Master Laboral Kutxa torneoa

Bestetik, asteazkenean, aurtengo Udako Master Laboral Kutxa txapelketa aurkeztu zuten. Igande honetan hasiko da Plentzian, finalerdiak irailaren 19an jokatuko dira Oñatiko Zubikoa pilotalekuan, eta finala irailaren 28an Bermeoko Artza frontoian. Euskal Telebistak zuzenean emitituko du Bermeoko finala. Guztira, 25 udalerri bisitatuko ditu txapelketak.

Udako Master Laboral Kutxa txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, asteazkeneko aurkezpenean.

Binakako txapelketa izango da, eta bi multzotan banatutako zortzi bikotek parte hartuko dute. Tartean izango da Erasun, baita Irati Zabala pilotari lizartzarra ere. Zizurkildarrak Lide Lopezekin osatuko du bikotea; Zabalak, berriz, Arrizabalagarekin jokatuko du. Arrizabalaga-Zabala bikotea A multzoan egongo da, Aldai-Bergara, Ibarrola-Mendizabal eta Zabaleta-Oses bikoteekin batera. B multzoa, berriz, Etxegarai-Bertiz, Lide Lopez-Erasun, Uriarte-Gaminde eta Arraiza-Capellan bikoteek osatuko dute.

Txapelketa «oso lehiatua eta orekatua» izatea espero dute antolatzaileek. Lehen mailako jokalariez harago, «harrobiko pilotari gazteak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko erakuslehio paregabea» izango dela gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!