Saharako 213 ume ohiko bizileku duten Aljeriako desertutik atera eta Euskal Herriko familietan eta aterpetxeetan pasako dute uda. Tolosaldera 13 ume etorri dira Oporrak Bakean programaren barruan eta Amaroz auzoan egin diete harrera familiek gaur eguerdian.
Abuztu bukaera arte egongo dira eskualdean eta behar beharrezkoak dituzten osasun frogak egiteaz gain, denbora honetan euren elikadura hobetu eta bizi diren desertuko 50 graduetatik urruntzeko aukera izango dute, euren osasuna indartuz.
90. hamarkadatik martxan den programa da Oporrak Bakean eta Euskal Herriak Mendebaldeko Sahararekiko egiten duen elkartasun keinu garrantzitsuenetakoa. «Umeak dira bakearen enbaxadore txikiak baina euren txikitasunean gure kontzientziak astintzen dituzte eta euren herriak bizi duen egoera latza erdigunean jartzen dute», esan dute Oporrak Bakeaneko arduradunek.
50 urte irauten dituen gatazka da Mendebaldeko Sahararena eta umeek hemen emango dituzten egunak pairatzen ari diren «injustizia eta ezintasuna» zabaltzeko balioko dutela esan dute harrera familiek. «Gerra berri batek aurrekoei gaina hartzen diola jakinda, programak gatazka berriro gogora ekartzeko balioko du eta baita euskal herritarron elkartasuna indartzeko ere».
Harrera familiei esker ona luzatu diete Oporrak Bakeaneko arduradunek: haien eskuzabaltasuna, konpromisoa eta pazientzia azpimarratu dituzte. Izan ere, programak helburu ederrak eta elkartasunez betetakoak badituzte ere, kudeaketa «luzea eta sakona» duela diote.
Larunbatean, Anoetan egingo diete 2013 ume sahararrei harrera ekitaldia. Familiek eta horrela nahi duten familia guztiek parte hartu ahal izango dute egun horretan: «Elkarrekin egon, komunitatea sortu eta elkartasun ariketa egingo dugu».