Eguzkik salatu du udalerri batzuk ez dutela legea betetzen

Ataria 2025eko uztailaren 16a

Gipuzkoako 10 udalerri ez dira iristen Hondakinen Lgeak gaikako bilketan ezarritako % 55eko gutxieneko kopurura. Abaltzisketa da udalerri horietako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakin bilketaren inguruko iazko datuak jaso ditu eta berriki eman ditu ezagutzera. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren esanetan Gipuzkoan birziklapena «maila altuetan» mantentzen da, orain bi urteko datu bertsuei eusten baitie. Diputatuaren ustez herrialdea «gailurrera» iristen ari da. Agerraldian emandako datuak eskutan hartuta, Eguzki talde ekologistak kritika egin dio Asensiori eta nabarmendu du Hondakinen Legeak 2025era ezartzen duen gaikako bilketaren % 55eko gutxieneko kopurura iristen ez diren 10 udalerri daudela Gipuzkoan.

Abaltzisketa da herri horietako bat: % 54,54ko gaikako bilketa tasa du. Gutxieneko horretara iritsi ez den Tolosaldeko herri bakarra izanik, kasua deigarria egin zaiola dio Eguzkik eta garrantzia kendu behar ez bazaio ere, datua erlatibizatu nahi izan du: «Ozta-ozta ez da iristen % 55era eta urtetik urtera horrelako gorabehera txikiak gerta daitezke. 2022ko datuen gainean egingo bagenu irakurketa, udalerri honek gutxieneko kopurua gaindituko luke». 

Herri txikia da Abaltzisketa, gaikako bilketaren gutxieneko kopurura iristen ez diren gainerako 9 herriak ez bezala. Talde ekologistak dio, zerrendan Gipuzkoako lau udalerri handienetako hiru daudela –Donostia, Irun eta Eibar–, eta horiei zerrendan agertzen diren Lasarte-Oria eta Hondarribia gehituz gero, Gipuzkoako biztanleriaren ia erdia hartzen dutela, % 43,2a. 

«Norbaitek pentsa dezakeenaren aurka, ez dago lotura zuzenik udalerriaren tamainaren eta gaikako bilketa egiteko zailtasunen artean, Gipuzkoako udalerri handienen artean baitaude Hernani (% 76,81), Arrasate (% 70,06), Tolosa (% 69,43) edota Zarautz (% 62,72) eta hauek ederki gainditzen dute azterketa». Eguzkik uste du sistema eraginkorrik ezarri ez dutelako daudela herri handi horiek gutxieneko kopurura iristen ez direnen zerrendan.

Donostian egin dute azpimarra ekologistek, bertan 
% 41,58koa da gaikako bilketa portzentajea: «San Marko mankomunitateak aurrera egiteko oztopoa da Donostia, mankomunitateko beste udalerri batzuk gaikako bilketan Gipuzkoako puntan baitaude, hala nola Usurbil (% 83,09), Astigarraga (% 74,77) edota Oiartzun (% 71,52)».

Mezua Asensiori

Iazko datuak aurkezteko agerraldian Ingurumen diputatuak onartu zuen mankomunitate batzuk ez dutela aurrera egiten eta gaineratu zuen agian badela garaia zonalde horietan politika zehatzak pentsatzeko. Eguzkik esan du mankomunitate batzuk aurrera egiten ez badute, udalerri batzuk galga jartzen dutelako dela. «Aspaldi iritsi zitzaien politika zehatzak pentsatu eta, are, praktikan jartzeko garaia». 

Taldeak datuen irakurketa kritikoa egin nahi izan duela dio errealitatearen irudi zehatzagoa emateko: «Gipuzkoako gaikako bilketan dena ez da urre. Gipuzkoa eredugarria da baina ez Donostiari eta legea urratzen duten gainerako udalerri handiei esker, ondo eta, batez ere, oso ondo egiten dutenei esker baizik. Eta zergatik egiten duten ondo? Euren udalerrietan sistema eraginkorrak ezarri dituztelako». 

Hondakinen Legeak ezarritako gutxienekoak betetzea ingurumenaren inguruko udal politiken «kotoiaren proba» direla uste du Eguzkik: «Hain oinarrizko kontu batean gutxienekoak betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptuen gaineko diskurtsoak itxurakeria baino ez dira eta ez dute inolako sinesgarritasunik». Aldi berean, gogoratu du Gipuzkoak hobetzen jarraitu beharko duela datozen urteetan, Hondakinen Legeak 2030erako  60ko gutxieneko kopuru berria aurreikusi baitu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!