Zein turismo mota etortzen da eskualdera? Zer bilatzen dute?
Asko Donostiatik etortzen dira turismo lasaiago baten bila, baina bereziki gastronomia eta natura bilatzen duten bisitariak izaten ditugu. Batzuk familian datoz eta ibilbide errazagoak nahi dituzte, beste batzuk, aldiz, kontrakoa.
Gastronomiari dagokionean, ondo kokatuta al dago eskualdea?
Bai, sare lan handia egin da azken urteetan; herri txikietan maila oneko jatetxeak ditugu, eskaintza nahiko zabala dugu eta Euskadi mailan erreferente izatea lortu dugu. Gainera, larunbatetan Tolosan egiten den azoka bada geldiune bat bidaietan gastronomia ezagutu nahi duenarentzat.
Aurten, gainera, Euskadi Gastronomikaren Elkarrekin Saria jaso duzue. Nola jaso zenuten aitortza hori?
Sariak aurkeztu ziren garaian gure burua hor ikusi genuen, baina gero, aurkeztu zen jendea eta proiektuak ikusita, oso zaila iruditzen zitzaigun saria lortzea. Aitortza polita izan da urte asko daramatzagulako lanean eta horren emaitza da saria. Udalek eta Tolosaldea Garatzenek lan handia egin dute, baina proiektu honetan jatetxe, taberna eta enpresa pribatu askok ere parte hartu dute, eta denek batera zerbait txukuna egin dugun aitortza izan da.
Zein da zuen aurtengo eskaintza?
Turismo bulegotik eskaintzen dena da, batetik, informazio turistikoa. Hau da, oinarrizko informazioa, eskuorrien bitartez. Baina, normalean, jendeak informazio zehatza eskatzen du. Bestetik, udan bisita gidatuen eskaintza berezi bat izaten dugu aukeran. Urtero gutxieneko bisiten eskaintza bat edukitzen saiatzen gara, ordutegi zehatzekin, gurera datorren horrek aukera izan dezan Tolosa eta ingurua hobeto ezagutzeko.
Berrikuntzarik ba al duzue aurtengorako?
Aurten, berrikuntza moduan, astelehenetik ostiralera egiten diren bisita gidatuek dastaketa izango dute Topagunean. Modu horretan hiru gauza uztartuko ditugu; ondarea, kultura eta gastronomia.
Eskaintza zabala bada, erantzuna ere horrelakoa izatea espero da, ezta?
Aurreikuspenak onak dira, baina guk beti esaten dugu helburu nagusia bisitariek eskualdea bisitatzea dela eta gauza desberdinak egin ditzatela. Ez daitezela denak leku berean elkartu eta gauza berdinak egin. Tolosaldeko turismo bulegoa Tolosan kokatzen da, baina eskualdeko 28 herrietako informazioa ematen du. Herri guzti horientzako bulego hau beraien plaza.
Zein izaten da batez besteko bidaiarien kopurua eskualdean?
Urte guztia kontuan hartuta 2024. urtean turismo bulegoan 9.000 bisitari inguru izan ziren. Kopuru hori ez da eskualdean egon ziren bisitarien kopurua, turismo bulegoan jaso genituen bisitariak dira, eta presentzialki jasotakoak. Izan ere, bulegoan bisitaria etorri aurretiko kontsulta asko ere izaten ditugu, baina horietako asko gero ez dira turismo bulegotik presentzialki igarotzen. Kontziente gara, halaber, jatetxeetan eta ostatuetan izaten diren bisitari asko ere ez direla turismo bulegotik igarotzen.
Hala ere, urtetik urtera bilakaera sumatu duzue bidaiarien kopuruan?
Bai, eta nabaritzen da jendeak geroz eta gauza bereziagoak egin nahi dituela. Beraz, galderak geroz eta gehiago izaten dira, eta geroz eta aurretikako lan handiagoa egin behar izaten dugu. Helburua ez da geroz eta bisitari gehiago izatea, gure nahia da bisitariak urte guztian zehar zabaltzea. Bisitatzen gaituzten atzerritarren kopurua, esaterako, gorantz doala ikusten ari gara.
Zein da bisitarien profila? Nongoak izaten dira?
Turismo bulegoan jasotzen dugun gehiengoa Euskal Herrikoa eta estatu mailakoa izaten da. Estatu mailan, Madrildik eta Kataluniatik etortzen dira. Hala ere, pasa den urtean, Aragoiko bisitari ugari izan genituen. Gainerako %20, beste estatuetakoak izaten dira, gehienak Frantziatik etorritakoak.
Beraz, jendeak oraindik badu turismo bulegoetara joateko ohitura?
Bai, oraindik mantentzen da ohitura hori. Batetik, badagoelako profil bat informazioa paperean edukitzea gustatzen zaiona, eta bestetik, gertuko informazioa nahi izaten dute, eta turismo bulegoan bertako jendeari galdetzeak konfiantza ematen die.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana garatzen ari zarete. Zertan datza?
Beste eskualde batzuekin alderatuta, gure kasuan proiektu txiki ugari ari gara aurrera eramaten herri txiki askotan. Horren adibide, Larraulgo ekomuseoa modu librean bisitatzeko egokitzapena, Asteasuko Muskerraren Bideko harrera gunea edota Larraitzen jarri diren dutxa berriak eta oinetakoak garbitzeko iturriak. Horrez gainera, epe ertain laburrean turismo bulegoan hobekuntzak egingo ditugu, baita internet bidezko informazio turistikoan ere. Oraindik horretan gabiltza, baina eskualdean oso zabalduta dagoen proiektua da.
Zeintzuk dira turismo egoki baterako gakoak?
Urtek daramatzagu lanean Euskadiko Kode Etikoaren barruan. Bertan eskualdeko enpresa pribatu askok ere parte hartzen dute eta aurten Turista Maitea izeneko gutun moduko bat argitaratu da. Hor hamar aholku ematen dira turismo arduratsu baterako, oinarria errespetua izanik. Turistak kontziente izan behar du etortzen den lekura etorrita, leku hori zegoen bezala edo hobeto utzi behar duela. Ez da Instagrameko argitalpen bat egiteko lekua bakarrik, bere kultura duen lekua da. Errespetu kontua da, ingurugiroa zaindu dezaten eta helburu horretara bideratuta dago lanketa hori.
Bestetik, gure eskuorriko azken orrian euskarazko hiztegi txiki bat jarri dugu, bisitariek lehenengo hitza euskaraz egin dezaten. Euskaldunen kasuan, azalpen moduko bat ere jarri dugu Tolosaldea euskararen arnasgunea dela azalduz eta beraiek ere euskaraz egin dezatela bultzatuz. Horretan ere badugu ardura bat.
Eskualdeko herritarrek Tolosaldea ondo ezagutzen dutela uste al duzu?
Esango nuke gure inguruan baditugula ziurrenik ezagutzen ez ditugun altxor ugari,
beraz, bertako herritarrak animatuko nituzke horiek ezagutzera.