Gazteen pilota txapelketak, amaitzear

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 14a

Pasa den ostiralean, Alegiako txapelketan jokatutako binakako partidako une bat. INTXURRE PILOTA ESKOLA

Ostiralean izango dira XI. Alegiako Pilota Txapelketako finalak; Villabonan, Santio Txapelketa 2025 – XIII. Antton Pebet Oroimenezkoa torneoko finalerdiak jokatuko dituzte, asteazkenean eta ostegunean.

Eskualdeko zenbait pilota eskolek antolatuta, gazteen pilota txapelketak jokatzen ari dira. Batetik, Intxurre Pilota Eskolak antolatzen duen gizonezkoen nagusien mailako XI. Alegiako Pilota Txapelketako finalak erabakita daude. Ostiralean jokatu zituzten bigarren finalaurrekoak. Lau eta erdiko txapelketan, Intxurreko Unax Madinak 22-10 menderatu zuen Zazpi Itturriko Beñat Gorostidi. Binakakoan, berriz, Andoni Sarasibarrek (Oberena) eta Unax Landak (Oiarpe) 22-14 irabazi zieten E. Gorostidik (Zazpi Itturri) eta A. Arbizuk (Irurtzun) osatutako bikoteari.

Lau eta erdiko txapelketako finalean, Unax Madinaren eta Julen Oiarbideren arteko norgehiagoka izango da; biak ere, Intxurreko pilotariak dira. Binakakoan, berriz, Beñat Azketa (Tartaloetxe) eta Mikel Iturrioz (Intxurre) ariko dira gorriz, eta Andoni Sarasibar (Oberena) eta Unax Landa (Oiarpe) urdinez. Larunbatean, hilak 19, jokatuko dituzte, Elorri pilotalekuan, 22:30ean hasita.

Pebet Oroimenezkoa

Bestetik, Behar Zana Pilota Elkarteak antolatutako nagusi mailako eskuz binakako Santio Txapelketa 2025 – XIII. Antton Pebet Oroimenezkoan erabakita daude finalerdiak. Asteazkenean, uztailak 16, emakumezkoen mailakoak jokatuko dituzte, 18:30aean hasita, Behar Zana pilotalekuan. Batetik, Salsamendi-Mendiburu (Huarte) bikoak, Aldai-Arrillaga (Lea Ibarra-Behar Zana) bikotearen aurka jokatuko du. Larrarte-Mendizabal (Behar Zana-Gazteleku) eta Zabaleta-Erasun (Aurrera Leitza-Behar Zana) bikoteek elkarren aurka jokatuko dute bigarren finalerdian.

Ostegunean, hilak 17, gizonezkoen mailakoak jokatuko dituzte, ordu eta leku berean. Honakoak izango dira partidak: Azketa eta A.Elizegi (Tartaloetxe), Apezetxearen eta Landaren (Umore Ona-Oiarpe) aurka; eta Murua eta Arbizu (Intxurre-Irurtzun), Fernandezen eta Apeztegiaren (San Cosme-Oberena) aurka.

Otaegi, txapeldun

Adur Otaegi Behar Zanako pilotaria txapeldun izan zen, larunbatean Errenterian jokatutako Zuloaga Oroimenezkoan. EPLE Kirol Klubeko Lander Caballerorekin osatu zuen bikotea, eta Etxaniz eta Alberdi izan zituzten aurkari. 22-19 irabazi zuten Otaegik eta Caballerok. Behar Zanakoak, gainera, pilotari onenaren saria jaso zuen.

Amezketan, buruz buru

Azkenik, Zazpi Itturri elkarteak antolatuta, Txapeldunen Buruz Buruko XXXV. Txapelketa jokatzen ari dira Amezketan, kadete, promesa eta elite mailan. Datozen bi asteburuetan, ostiraletan eta larunbatetan, final-laurdenak jokatuko dituzte, Larrunarri frontoian, 21:00etan hasita. Finalak, San Bartolome egunean izango dira, abuztuaren 24an.

Aurreko ostiralean eta larunbatean, final-zortzirenetako azken partidak jokatu zituzten. Kadeteetan, Olanok (Tolosa) 22-6 irabazi zion Zufiriari (Behar Zana), eta Bidezabalek (Tolosa) 22-5 Gorostidiri (Zazpi Itturri). Promesetan, Ramirezek (Kurene) 22-9 hartu zuen mendean Olaiz (Oiarpe). Azkenik, elite mailan, Rekaldek (Txumuluxueta) 22-12 irabazi zion Altunari (Tolosa), Astizek (Larraun) 22-10 hartu zuen mendean Lizeaga (Mundarro), eta Amianok (Tolosa) 22-17 irabazi zuen Zubizarretaren (Lapke) aurka.

Ondorioz, honela geratu dira final-laurdenetako kanporaketak:

  • Uztailak 18, ostirala (21:00)
    • Kadete: Etxaniz (Azkoitia) vs. Ancizar (Erreka)

    • Promesak: O.Etxeberria (Oiarpe) vs. Beitia (Joko Alai)

    • Eliteak: Igoa (Irurtzun) vs. Irribarria (Lapke)

  • Uztailak 19, larunbata (21:00)
    • Kadeteak: Otaegi (Behar Zana) vs. Antimasberes (Lagunak Barañain)

    • Promesak: E. Gorostidi (Zazpi Itturri) vs. Sarasibar (Oberena)

    • Eliteak: Txoperena (Aurrera Leiza) vs. Astiz (Larraun)

  • Uztailak 25 ostirala (21:00)
    • Kadeteak: Paraguayo (Najerino) vs. Olano (Tolosa)

    • Promesak: Murua (Intxurre) vs. Izagirre (Lapke)

    • Eliteak: I. Egiguren (Ilunpe) vs. Rekalde (Txumuluxueta)

  • Uztailak 26 larunbata (21:00)
    • Kadeteak: Oses (Hernani) vs. Bidezabal (Tolosa)

    • Promesak: Ibarluzea (Lapke) vs. Ramirez (Kurene)

    • Eliteak: Etxaniz (Soraluze) vs. U. Amiano (Tolosa)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!