Europan barrena ibiliko dira bi gurpilen gainean

Leyre Carrasco 2025eko uztailaren 15a

Txirrindularitza pasio duten zortzi lagunek erronka berriari eutsiko diote abuztuan: Italiar Alpeak, Dolomitak eta Austria bizikletaz zeharkatuko dituzte.

Abuztuan, Europako zenbait herrialde bizikletaz zeharkatzeko erronka jarri dute zortzi lagunek. Ez da horrelako bidaia egiten duten lehen aldia izango, iaz ere antzeko egitasmoa antolatu baitzuten. Manex Irazusta, Mikel Etxarri, Aitor Amonarriz, Eneko Arrese-Igor eta Aitor Arregi billabonatarrak, Ander Jauregi tolosarra, Beñat Garmendia hernaniarra eta Iñigo Alvarez de Arcaya abornikanoarra (Araba) dira abenturan murgilduko direnak.

Txirrindularitza pasio eta bidaiatzea gozamena dute denek, eta hori aintzat hartuta bidaia hau egitera animatu ziren. «Aurretik ere antzeko bidaiak egin izan ditugu, baina buelta xumeagoak ziren, Euskal Herri mailakoak», azaldu dute. Iaz, ordea, bizikletak hartu eta erronka zabaltzea erabaki zuten. «Bruselatik hasita hegoaldera jaitsi ginen, eta Alemaniatik barrena ibili ostean, Luxenburgo zeharkatu eta Estrasburgora iritsi ginen, ia mediterraneoraino. Iparraldea igarota hainbat hiritan izan ginen, Amsterdam aldera iritsi ginen arte. Guztira 13 etapa egin genituen; 1.500 kilometro inguru, etapa bakoitzeko batez beste 120 kilometro inguru izanik eta Amsterdamen egin genuen deskantsu egun bat tarteko», kontatu dute.

Antolakuntzan «ondo» moldatzen direla aitortu dute taldekideek. «Bisitatu nahi ditugun hiriak kontuan izanda osatzen dugu ibilbidea eta hostalak gutxi gorabehera 120 kilometroko puntuetan hartzen ditugu, horien erreserba aurretik eginez eta egun bateko deskantsuarekin». Normalean, goizetan burutzen dituzte etapak, eta arratsaldean, berriz, markatutako herrira iristen dira turismoa egiteko aprobetxatuz.

Italia eta Austria ezagutuz

Aurten ere antzeko egitaraua osatu dute, baina oraingo honetan italiar Alpeak, Dolomitak eta Austria inguruetatik ibiliko dira. Zortzikoteak zehaztu duenez, bidaia Italia aldean hasiko dute, Brescia izeneko hirian, eta Verona eta Venezia zeharkatu ostean, azken horretan deskantsu eguna izango dute. Hortik Iparraldera joango dira, Dolomitak aldera, eta horiek ezagutzeko hiru etapa egingo dituzte. Hortik Austriara igaroko dira, Lienz eta Salzburgo hiriak ezagutuz, eta ondoren, Alemania hegoaldeko Munich eta Inssbruk hiriak zeharkatuko dituzte, mendebaldera iritsiz eta italiar Alpeak zeharkatuko dituzte, Stelvio bezalako mendietatik igarota. Amaitzeko, Italiako iparraldera bueltatuko dira, Bergamo hirira, Comoko eta Gardako aintzirak bezalako lekuak ezagutuz.

Iazko bidaiaren antzera, guztira, 1.500 kilometro egingo dituzte, baina oraingo honetan 12 etapetan banatu dute ibilbidea, deskantsu egun batekin. Hala ere, aurtengo ibilbidea zailagoa izan daitekeela uste dute taldekideek: «Pasa den urtean Europako zonalde lauetan ibili ginenez, ez genuen aldapa handirik pasa behar izan, baina aurten zonalde nahiko menditsuetan ibiliko garenez, etapa batzuetan aldapa nahiko handiak izango ditugu». Horren adibide da Stelvioko mendia. «25 kilometro eta 2.700 metroko mendatea denez, etapa hori agian gogorra egingo zaigu», gaineratu dute.

Eguraldiak kezkatzen ditu gehien, euri asko edo bero handia eginda ere markatutako etapa bukatu beharko dutelako. Horregatik, psikologikoki prest egotea garrantzitsua dela esan dute. Hala ere, ez dituzte entrenamendu bereziak egiten, «urtean zehar taldean kilometro dezente egiten ditugu, besterik gabe, txirrindularitza gustatzen zaigulako eta horrekin erronka honi aurre egiteko prest gaudela uste dugu, gure helburua bidaiaz disfrutatzea baita».

Zortzikotea prest dago erronka berrirako eta aurrera begira ere horrelakoak egiten jarraitzeko asmoarekin daude. Epe ertainera begira «putzua gurutzatu» nahi dute eta Hego Ameriketako «herrialde exotikoagoak» bizikletaz gurutzatu nahi dituzte. «Ideia asko ditugu baina pixkana antolatu nahi ditugu, lan handia eskatzen baitute», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!