Herriko festek herriko giroa indartzea dute helburu. Kezkak albo batera uzteko egunak dira, elkarrekin ondo pasatzeko eta ohitura zaharrei eusteko. Umore ona eta irribarreak nagusitzen dira kaleetan, eta eguneroko errutina atzean utzita, bestelako martxa batean murgiltzen gara. Jai giroak egunerokotasuna eten eta arnasaldi bat hartzeko parada ematen digu. Urte osoan zehar pilatutako nekea askatu, eta lagun artean une politak bizitzeko aukera eskaintzen dute herriko festek.
Zer kontatu izango dugu, izan ere, hamazazpi herrik ospatuko dituzte jaiak eskualdean, eta festa batzordeek aurten ere sekulako lana egin dute guztiok goza dezagun. Egitarauek betiko hitzordu kutunak gordetzen dituzte, baina berrikuntzarako tokia ere egin dute askok. Haur, gazte zein heldu, denek izango dute zertaz gozatu: jokoak, herri kirolak, bazkariak eta afariak, kontzertuak, erromeriak, parrandak eta parranda osteko ajeak izango dira jaietako osagai nagusiak, besteak beste.
«Tolosaldeko herri guztiei opa diet festa zoragarriak izan ditzatela, auzolanean antolatutakoak eta guztiontzako bizigarriak»
Eta, noski, ezin da ahaztu festetan ezinbesteko bihurtu den mezua helarazteaz, errespetuarena. Erasorik gabeko festak bermatzeko, beharrezkoa da herritar guztiek jarrera arduratsua izatea, eta bakoitzak bere jokabidearen inguruko hausnarketa egitea. Guztien ardura da festak denontzako libre eta seguruak izatea, eta ziur nago gure eskualdean hori arazorik gabe beteko dela.
Nik, plazako soinu eta algarak urrunetik entzungo ditut aurten, baina bihotzez jarraituko ditut jaiak. Tolosaldeko herri guztiei opa diet festa zoragarriak izan ditzatela, auzolanean antolatutakoak eta guztiontzako bizigarriak. Ondo pasa, zaindu elkar, eta bizi herriko jaien magia betetasunez!
