Garaipen historikoa Tolosaldearentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 12a

Nerea Perez bandera astintzen, eta taldekideak arraunak gora altxata. Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Lehen bandera eskuratu du Euskotren Ligan, Donostian jokatu den IX. Fabrika Banderan; lehen luzearen erdialdetik nagusi izan da eskualdeko ontzia, eta amaieran, bi segundoko aldea atera dio Orio bigarren sailkatuari. Orain, hirugarrena da ligan Tolosaldea.

Historia egin du Tolosaldeak. Ibai zabalean jokatutako lehen bi estropadetan fin aritu ez baziren ere, eskualdeko arraunlariek erakustaldia egin dute, gaur, hirugarren estropadan, Donostian jokatu den IX. Fabrika Banderan. Erakustaldia, gainera, harrobiko arraunlariekin; gaur, etxeko hamar arraunlari aritu dira Zerkausia ontzian.

Hirugarren kaletik aritu da Tolosaldea, bigarren txandan. Lehen kaletik Zumaia aritu da, bigarrenetik Arraun Lagunak, eta Orio, laugarren kaletik. Lehen minutuan, Oriok bi segundoko aldea zuen Tolosaldearekiko; beste bi ontziak horiengandik segundo batera zeuden. Luze erdira arte, baina, pare-parean joan dira laurak, bi segundoren barruan. Santa Klara uhartea igaro ondoren, aurrea hartu du Tolosaldeak, eta bi segundoko aldea zuen gainerakoekiko. Lau segundoko aldea izatera ere heldu dira eskualdeko arraunlariak.

Ziabogara aurretik heldu da Tolosaldea. Segundo bateko aldea atera die oriotarrei eta donostiarrei, baina ez du maniobra ona egin; Oriok hobea egin du. Arraun Lagunak ere ez da fin aritu ziabogan; arraun txikia trabatu egin zaio aurrekalariari. Zumaia zortzi segundora heldu da. Ordura arteko denborarik onena egin du Tolosaldeak ziabogan: 6.19.

Ziabogaren ondoren, Orio Tolosaldearen pare jarri da, eta biek, 5-6 segundoko aldea ateratzen zieten donostiarrei. Bigarren luze osoan, olatu motz eta biziak izan dira protagonista, eta ondorioz, patroien lana garrantzi handikoa izan da. Nerea Perez patroia eta Zerkausia ontziko arraunlariak bikain aritu dira. Bigarren luzearen erdialdera, Tolosaldeak sei segundoko aldea zuen Orioriekiko, eta hamabostekoa Arraun Lagunak eta Zumaiarekiko.

Itxura oso ona zuen estropadak, eta bazirudien bandera eskualdetik oso gertu zegoela. Santa Klara uhartearen parean, baina, hiru segundora gerturatu da Orio, eta geroago, bakarrera. Orduan, berriro heldu da olatuak egoki hartzeko unea. Zeinek zukutu hobeto olatuak; hor zegoen banderaren lehia. Norgehiagoka polita izan da bi ontzien artean.

Azken metroetan, bi segundoko errenta mantendu du eskualdeko ontziak, eta garaipena eskuratu du. Orio izan da bigarren, Arraun Lagunak hirugarren, eta lehen txandan aritu den Hondarribia, laugarren. Behin helmuga igarota, alaitasun festa heldu da. Poza ontzi barruan, poza ordezkarien gunean, eta poza Donostiara joan diren zaleen artean.

Nerea Perez Tolosaldeako patroia «oso pozik» zegoen lanak amaitu ondoren. «Estropada oso gogorra izan da. Itzulerako luzea ez da batere erraza izan. Oriok olatu bat hartzen zuen, guk beste bat, eta azkenean, zortea izan dugu, olatu bat aurretik iritsi garelako helmugara».

Lehen luzean, atzetik aurrerako lana egin behar izan du Zerkausia ontziak. «Pare bat olaturekin jauzi handiak egin ditugu, eta ontzia geratu egin zaigu, baina gero, arraunketarekin asmatu dugu. Ziabogan, olatu batek kanpora eraman gaitu», azaldu du Perezek.

Tolosako patroiak Donostiako estropada irabazi aurretik bazekien zer zen bandera bat astintzea. Hala ere, Tolosaldearentzat bandera historikoa izan da gaurkoa, Euskotren Ligan lortutako lehena baita. «Sinetsi ezinik eta oso pozik gaude». Perezek, gainera, Olatz Lopez taldekideari eta Asintxo zaleari eskaini die bandera.

Ramon Erostarbe Tolosaldeako prestatzailea ere «hunkituta» zegoen. «Oso pozik nago. Lan oso ona egiten ari gara, eta lau urtetako lanaren fruituak heltzen ari dira. Banekien itsaso zabalean ibaian baino hobeto arituko ginela. Hala ere, ez nuen zalantzarik egiten arraunlarien lana ondo egingo zutela. Gaur oso ondo aritu dira», esan du entrenatzaileak.

Donostiako IX. Fabrika Bandera:

  1. Tolosaldea: 11.34
  2. Orio: 11.36
  3. Arraun Lagunak: 11.50
  4. Hondarribia: 11.53
  5. Zumaia: 12.00
  6. Hibaika: 12.03
  7. Astillero: 12.19
  8. Donostiarra: 12.26

Euskotren Ligako sailkapena:

  1. Arraun Lagunak. 22 puntu.
  2. Orio: 21 p.
  3. Tolosaldea: 19 p.
  4. Zumaia: 14 p.
  5. Hibaika: 12 p.
  6. Hondarribia: 8 p.
  7. Astillero: 7 p.
  8. Donostiarra: 5 p.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!