11:00etan eman diote hasiera Ehunmilak Ultra Trail lasterketari, Beasainen. Aurten, atzo iluntzerako iragarritako eguraldiagatik, atzeratu egin dute irteera, eta gainera, ibilbidea moztu dute. Hala, gaur egunean zehar ari dira heltzen korrikalariak Tolosako Beotibar frontoira. Hau izaten da lasterketako anoa-gune nagusietako bat.
Herniora igo ondoren, Zelatunetik igaro eta Tolosara jaitsi dira korrikalariak. 14:00ak aldera zegoen aurreikusita lehen korrikalariaren iritsiera. Hala, zenbait herritar pilotalekura hurbildu dira, lasterkariak animatu asmoz. Bada, 14:02 zirenean heldu da azkarrena. Hain justu, Fidel Fernandez kantabriarra izan da lehena Tolosan. Fernandez titulua defendatzen ari da, bera izan baitzen iazko edizioko garailea.
Haren atzetik, zazpi segundora, Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra heldu da. eta bizkaitarrarengandik minutu eta hogei segundora, Morgan Aubert frantziarra. Eskualdeko azkarrena Igor Iglesias billabonatarra izan da; 15:00rak pasata heldu da, 64. postuan. Jon Vallejo tolosarra izan da eskualdeko bigarrena; 71. postuan heldu da, 15:05 aldera.
Emakumezkoetan, berriz, Chelo Velasco asturiarra izan da Beotibarrera heltzen lehena; 15:03 zirenean iritsi da iazko garailea. Bigarren postuan, Maria Victoria Soler murtziarra iritsi da, liderrarengandik nahiko urrun, hamabi minutura. Eta podiumeko azken posturako lehia, oraingoz, estua izaten ari da. Eva Lizarralde oiartzuarra heldu da hirugarren Tolosara, Solerrengandik ia lau minutura, eta berehala, hamar segundora, heldu da laugarrena: Cristina Bataller kataluniarra. Bosgarrena ere gertu daukate; Batallerrengandik hogei segundora heldu baita Amagoia Fernandez de Lezea frantziarra.
Tolosara iritsi direnerako, lasterketaren laurdena egina zuten korrikalariek, 32. kilometroan baitago Beotibarko anoa-gunea, eta beste 93 zituzten helmugaraino. Egun osoan zehar iritsiko dira Tolosara lasterketako partaideak; 19:00etan itxiko dute kontrola. Amezketara, berriz, arratsaldean eta iluntzean helduko dira; han, 23:45ean dago kokatuta gehieneko ordutegia.
G2H, iluntzean
Ehunmilak probaren antolatzaileek G2H eta Marimurumendi lasterketak ere antolatzen dituzte, eta lehena, eskualdetik igaroko da. 19:00etan hasiko da Beasainen, eta Zaldibiatik igaro ondoren, Abaltzisketako Larraitz auzora igoko dira korrikalariak, eta bertatik, Txindokira joango dira. Larraitz auzotik 20:30ak aldera igaroko da lehenengo lasterkaria. Azkena, berriz, 22:30ak aldera. Marimurumendi lasterketa bihar izango da, 08:00etan hasita.