Tolosaldeko euri erauntsia

Alegia eta Altzo lotzen dituen GI-3620 errepidea erabat itxiko dute, ia bi astez

Ataria 2025eko uztailaren 12a

Alegia eta Altzo batzen dituen GI-3620 errepidea, Becker enpresaren parean. TXARLI GESTEIRA

Ekainaren 13an izandako prezipitazio handien ondorioz, zenbait konponketa egingo dituzte. Asteleheneko 08:00etan hasiko dira lanean, eta hilaren 24an amaituko dute; astegunez erabat itxita egongo da, baina asteburuan trafikorako irekiko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman du, ekainaren 13an izandako prezipitazio handien ondorioz, zenbait konponketa egingo dituela Alegia eta Altzo lotzen dituen GI-3620 errepidean, zehazki, 2+170 KP-an harri-lubetan izandako luizia izan zela eta. «Lanak behar bezala egiteko, galtzada erabat itxiko da bi noranzkoetan, eta ibilgailuek ezingo dute lanek eragindako zatian zirkulatu», adierazi du aldundiak.

Astelehenean hasiko dira lanean, uztailaren 14an, 08:00etan, eta hilaren 24an amaituko dute. Errepidea guztiz itxiko da hilaren 14ko 08:00etatik, hilaren 18ko –ostirala– 18:00etara, eta hilaren 21eko –astelehena– 08:00etatik, hilaren 24ko –osteguna– 18:00etara. Asteburuan errepidea trafikorako irekiko dute.

Errepidea erabat itxita dagoen bitartean, zirkulazioa GI-3071 eta GI-2133 errepideetatik, hau da, Altzoazpitik barrena, desbideratuko dela adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!