Gaur abiatzekoak ziren Beasaindik Ehunmilak Ultra Trail eta Goierriko 2 Handiak mendi lasterketak, baina antolakuntzak zenbait aldaketa egitea erabaki zuen, atzo, arratsaldean, gaur iluntzeko eguraldi iragarpenagatik. Antolatzaileak Euskalmet meteorologia agentziak emandako informazioan oinarritu dira erabakia hartzeko. «Korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna bermatu nahi dugu», adierazi dute.
Batetik, bi lasterketen irteera eguna aldatu dute; bihar hasiko dira. Ehunmilak lasterketa 11:00etan hasiko da; G2H, berriz, 19:00etan. Irteera eguna eta ordua aldatzeaz gain, Ehunmilak lasterketaren luzera ere aldatu dute. 125 kilometro izango ditu, eta gehienez, 31 orduko denbora. G2H lasterketan, orain arteko luzera izango du probak, ibilbidea mantendu egin baitute, eta gehienez, 22 orduko denbora izango du.
Eskualdean ere izango du eragina aldaketak. G2H lasterketari dagokionez, Beasaindik irten eta Zaldibiatik igaro ondoren, Abaltzisketako Larraitz auzora igoko dira korrikalariak, eta bertatik, Txindokira joango dira. Larraitz auzotik 20:30ak aldera igaroko da lehenengo lasterkaria. Azkena, berriz, 22:30ak aldera.
Ehumilak Ultra Trailaren kasuan, lehen zatia kendu dute; Mandubiatik, Zumarragatik, eta Azpeititik ez dira igaroko. Beasaindik abiatu eta Murumendira igo ondoren, Bidania-Goiaztik igaroko dira korrikalariak, handik, Erniora igotzeko. Ondoren, Tolosara jaitsiko dira, eta Usabal auzotik igaro ondoren, Txarama eta Altzo artean dagoen bidetik, Amezketako Ugarte auzora helduko dira. Gero, herrigunetik pasako dira, Larraitzera igo aurretik. Handik, Ganborako bidea hartuko dute lasterkariek.
Tolosan, Beotibar pilotalekuan egongo da anoa-gunea. Berez, 79. kilometroan kokatuta zegoen; aldaketen ondorioz, 32. kilometroan kokatuta dago. Handik, 14:00-14:30 aldera igaroko dira lehen lasterkariak. Azkenak, berriz, 19:00ak aldera, zortzi ordutan ezarrita baitago muga. Amezketatik, berriz, 16:00ak aldera igaroko dira lehen korrikalariak. Azkenak, berriz, 23:45 aldera; 12 ordu eta 45 minututan ezarri dute muga.
Azkenik, Marimurumendi proban ez da aldaketarik izango: maratoia igandeko 08:00etan hasiko da.
Ehumilak.com webgunean aurkitu daiteke honen guztiaren informazio eguneratua.
«Aldaketa hauek guztiek proiektu hau osatzen duten komunitate guztiari suposatzen dion ahalegina kontuan hartuta, zuen guztien ulermena eta laguntza eskertuko genuke», adierazi dute antolatzaileek.