Tolosaldeko euri erauntsia

Uholdeek eragindako kalteen gainean hartutako konpromisoak betetzeko eskatu diote aldundiari

Ataria 2025eko uztailaren 10a

Herritarrak euriteek sortutako kalteak garbitzen.

Aldundiarekin izandako bileraren ostean, udalek kalteen kuantifikazioa igorri zuten, baina ez dutela erantzunik jaso salatu dute. Hainbat familiak etxerako sarbiderik gabe jarraitzen dute.

Uholdeek kaltetutako herrietako alkateek, Amezketa, Gaztelu, Elduain eta Ikaztegietakoek kasu, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote hartutako konpromisoak bete ditzala, eta eragindako kalteak konpontzeko baliabideak ahal bezain azkar bidera ditzala.

Ekainaren 13 eta 14 artean izandako euriteek kalte handiak eragin zituzten Tolosaldeko hainbat herritan. Alkateek gogoratu dute kalte horiek aztertu eta egoera bideratzeko Gipuzkoako Foru Aldundia herri horietako alkateekin bildu zela ekainaren 17an, eta bilera horretan hiru lan eremu zehaztu zituztela. Alde batetik, ireki ziren errepide eta bidegorriak garbitzeko lan egitea, uholdeen hondarrak ezabatuz; Bigarrenik, kaltetutako hogei enpresen kalteak ebaluatzea; eta hirugarrenik, baserri bideei eta ur-kanalizazioei dagokienez, baserrietako sarbideetan izandako kalteak kuantifikatzea, Partzuergorako txosten teknikoak egin eta Etorlurrekin batera egin zitezkeen jarduerak baloratzeko.

Zentzu horretan, izandako kalteak kuantifikatzeko lana errazte aldera, aldundiak udal bakoitzari eskatu zion jasandako kalteen zerrendatzea eta kuantifikazioa igortzea. Bada, behin zerrendatze hori bidalita, ez dutela inolako jakinarazpen edo komunikaziorik jaso aldundiaren aldetik adierazi dute, ezta aipatutako zerrenda jaso izanaren erantzun mezurik ere.

Bigarren mezu bat bidalita erantzunik jaso gabe jarraitzen zutela ikusita, «ziurgabetasun egoera» gehiago luzatu gabe eta «herritarrekiko arduragatik», formalki erregistratu dute aldundian 2025eko ekaineko uholdeek herrian sortutako kalteen zerrenda. Ikaztegietako Udalak, esaterako, herrian bi familiak oraindik etxerako sarbiderik gabe jarraitzen dutela adierazi du, luiziek bidea oztopatzen dietelako edota errekak bidea aurretik eraman duelako. «Udalak ez du baliabiderik jabetza publikoaz haragoko kalte pribatuak finantzatzeko, eta, esan gabe doa, jabe pribatuek ere ezin diete erantzun tamaina honetako kalteei», esan dute udaletik.

Udalek azaldu dutenez, euren esku zegoen guztia egin dute uholdeek sortutako larrialdi egoera eta ondorengo lanak ahal bezain azkar kudeatzeko, eta zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari berdina eskatu diote, «hartutako konpromisoak bete eta herriek beharrezko dituzten baliabideak bideratu ditzala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!