Arabako Gorobel mendilerroan hasiko da, gaur, Urmuga zeharkaldiaren seigarren edizioa. Ia hiru astez, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josiko du aurtengo ekitaldiak, gure mendi, haran eta herriak musikaz betetzeko. Uztailaren 31n amaituko da Urdaxen (Zuberoa).
Aurten, gainera, efemeride bat izango dute hizketagai: mila urte bete dira Ipuskoa hitza testu batean idatziz agertu zenetik. Orain dela mila urte, Iruñeko Erresumaren garaian. Horregatik, erreinu hartako geografiaren zati bat zeharkatuko dute: gazteluak, ermitak eta baserriak bisitatuko dituzte, musika, natura, euskara eta historia elkartzeko asmoz. Beraz, iragana oroituz eta oraina aintzat hartuz, Urmugan barrena, duela mila urte jaso zen komunitate hura bizirik dagoela nabarmenduko dute.
Edizio honetan, Euskal Herritik harago ere egingo du jaialdiak. San Juan de la Peñako monasterioan (Huesca, Aragoi) egingo dute ekitaldi bat. Migel Zeberio zeharkaldiko zuzendari artistikoak aurkezpenean azaldu zuenez, garai batean Pirinioen Iparralde osoan zabaltzen zen Euskal Herria. «Eta hura izan zen Iruñeko erreinuko monasterio garrantzitsuenetako bat. Haren mende zegoen Gipuzkoako eta Bizkaiko zati handi bat».
Zeharkaldian, mendia bezain elementu garrantzitsua izan ohi da musika. Mendizaleek etapaka egingo dute ibilbidea. Musikariek, berriz, etapa ia denen amaierako puntuan, saioa egingo dute. Guztira, 25 emanaldi baino gehiago antolatu dituzte aurten. Zeberioren ustez, Urmugaren bereizgarria da «ohiko ekitaldiak iristen ez diren lekuetara iristea lortzea».
Kontzertuetako batzuk Tolosaldean izango dira, eta zenbaitetan, eskualdeko artistek parte hartuko dute. Uztailaren 17an egingo du Urmuga jaialdiak lehen geldialdia Tolosaldean. Getariatik abiatuko da egun horretako etapa, edizio honetako luzeena, eta Aian geldialdia egingo dute eguerdian. Bertan, Arrabiten Zurdetan harizko musika taldeak saio txiki bat egingo du. Ondoren, Zizurkilgo lurretatik igarota, Adunara helduko dira mendizaleak, hain justu, Basopeta merenderora. Beste musika emanaldi bat izango da bertan. Chruinne musika talde galiziarrak antzinako musika oinarri izango duen kontzertua egingo du, 19:00etan hasita.
Altzon, kantu gregorianoa
Gaur zortzi, Aduna eta Altzo lotuko dituen ibilbidea egingo dute mendizaleek. Goizean, autobusez jaitsiko dira Tolosara, eta gero, oinez egingo dute Altzorainoko bidea. Bertan, Gipuzkoa hitza aurreneko aldiz eskuizkribu batean agertu zela gogoratuko dute, musikaren bitartez. «Emanaldi handia izango da», aurreratu du Zeberiok, Gipuzkoari izena ematen dion dokumentua aitzaki hartuta.
17:00etan hasiko da lehen emanaldia, Donosti Ereski abesbatzako Schola Gergorianista taldearen eta San Juan de la Peñako Argi koruaren eskutik. Kantu gregorianoa izango du oinarri saioak. «Duela mila urte oraindik Gipuzkoara ez zen iritsi; beranduago sartu zen, Iruñeko erregearen eskutik, Donejakue bidearen haria jarraituz. Kantatuko duten musika oso bitxia da, eta Zuberoako aireak ere kantatuko dituzte», adierazi du Zeberiok. Ondoren, kalejiran joango dira bigarren emanaldira. 18:30ean hasiko da, eta, besteak beste, Alaitz eta Maider eta Maixa eta Ixiar trikitilari bikoteek, Anje Duhaldek eta Janus Lesterrek parte hartuko dute, Et Incarnatus orkestrarekin batera.
Aizpearroko magia
Biharamunean, berriz, eskualdetik apur bat aldenduko da Urmugako espedizioa. Altzotik Abaltzisketako Larraitz auzora joango dira, autoz. Bertatik, Aralarko mendilerroa gurutzatuko dute. Ausa Gaztelutik eta Jentilerriko trikuharritik igaro ondoren, Igaratzatik oso gertu kokatzen den Aizpearro dolinara helduko dira, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan. Tolosaldeko gune bat ez izan arren, Igaratza ingurura eskualdeko mendizale ugari joan ohi dela esan du Zeberiok.
Aizpearrokoa leku «oso berezia eta bitxia» dela nabarmendu du jaialdiko zuzendari artistikoak: «Zoragarria da. Zirku erromatar edo anfiteatro natural bat da, biribila, harrizkoa. Antzinako bizitoki izandako gune bat dirudi, arkuen eta txabolen arrastoak daudelako bertan. Bertan lehen aldiz sartzen zarenean, badirudi haurren jolastoki batean zaudela».
Tolosar batzuek duela urte dezente erakutsi zioten Zeberiori gune hura, eta ikusi zuenean, berehala pentsatu zuen kontzertuak egiteko lekua zela. Hala izan da Urmugaren aurreko edizioetan. «Sonoritate aldetik, gainera, oso polita da», azpimarratu du. Aurten ere, bertan izango da hilaren 19ko saioa. 18:00etan hasiko da, eta gaur egun puntan dabiltzan Janus Lester eta Olaia Inziarte artistez gain, hastapeneko Mirari talde nafarrak eta Xak lapurtarrak parte hartuko dute. Lorea Zulaika gazte bolibartarra eta Fede de Dios albokari fina ere ariko dira Aizpearron, Et Incarnatusekin batera. «Joko handia emango dute, gauza ederrak egiteko».
Efemeridearen eguna
Hilaren 20an, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan jarraituko du espedizioak. 18:30ean, Ypuçcoa 1000 urte ikuskaria emanaldia egingo dute, Berastegi, Orexa eta Areso artean dagoen Irumugarrieta muinoan, Ulizar mendiaren iparraldean. Gipuzkoaren izendapenaren milurtekoa ospatzeko ekitaldia izango da, eta zenbait erakundek parte hartuko dute: Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko alkateek, Eusko Legebiltzarrak, Iruñeko Udalak, Nafarroako Parlamentuak eta Euskal Hirigune Elkargoak.
Irumugarrietakoa aurtengo edizioko emanaldi bereziena izango ote den galdetuta, ez du halakorik baieztatu Zeberiok: «Bakoitzak bere gustu edo zaletasunen arabera topatzen edo identifikatzen du berezitasuna. Urmugan momentu berezi asko daude. Orhi gainean egiten dugun kontzertua ere ikaragarria izaten da; leku zoragarria da eta jendea hunkitu egiten da. Baigorrin, Etxauziako gazteluaren parean kontzertua egitea ere ez da gauza makala».
Migel Zeberio: «Urmugan momentu berezi asko daude; hilaren 20ko kontzertua indar handiko ekitaldia izango da»
Hilaren 20koa, baina, «indar handiko ekitaldia» izango dela esan du: «Jendetza bilduko da. Gutxitan elkartzen dira horrenbeste erakunde eta agintari; oso zaila izaten da guztiak elkarrekin ikustea». Agintariez gain, musikari ugari bilduko dira Et Incarnatusen abaroan: 100 kantariz osatutako abesbatza osatuko duten Leitzako Jeiki eta Amasako-Villabonako Eresargi koruak, bi lurraldeetako hiriburuetako orfeoiak, Iruñeko eta Tolosako udal txistulari bandak, Baigorriko eta Iruñeko dultzaineroak, Luis Salesa, Alvaro de la Torre, Alaitz Artola, Xabier Leturia eta Jaione Olazabal.

Aizpearron.
Ingurutxoen festa
Horiekin nahikoa ez, eta garai hartako Iruñeko erreinu zabala irudikatzeko helburua dute Irumugarrietan. «Erreinuak Errioxa osorik hartzen zuen, baita gaur egungo Euskal Herria eta Aragoiko Pirinio iparraldeko zati osoa». Horretarako, herri eta bailara desberdinetako dantzariak bilduko dituzte, bakoitzak bere ingurutxoa dantzatzeko. «Asko dira, eta lagin bat hartzen saiatu gara», esan du Zeberiok. Aragoitik, Benasque, Anso eta Chistauko ibarreko dantzariak bertaratuko dira; Nafarroatik, Leitzakoak; eta Gipuzkoatik, Bedaio eta Ugarte auzoetakoak. Aragoiko musikariekin eta dantzariekin «harrituta» daudela adierazi du tolosarrak: «Ilusio handia dute. Esan digute garai bateko komunitate bateko parte sentitzen direla, eta hori gauza handia da».
Migel Zeberio: «Aragoiko dantzariek esan digute garai bateko komunitate bateko parte sentitzen direla, eta hori gauza handia da»
Ingurutxo guztiak nahastuko dituzte. «Bakoitzetik bikote bat jarriko dugu dantzan, eta atzetik nahi duen ikusle orok dantzatu ahalko du; sokara lotzeko aukera izango dute. Asko, gainera, harritu egingo dira doinuekin, batzuk oso ezagunak baitira». Ondoren, era modernoan borobiltzeko, Amaia Elizaran dantzariak Jon Esnaola musikagileak sortutako doinu baten gainean dantzatuko du, «egungo ingurutxo bat balitz bezala». Amaieran, ingurutxoa den Larrain dantza egingo dute, festa borobiltzeko.
Hauek, baina, ez dira dantzari bakarrak izango. Tolosako bordondantzariek, Iruñeko Duguna dantza taldeak, Amasa-Villabonako Oinkarik, Ainsako (Aragoi) Viello Sobrarbek, eta Itziar eta Gari Otamendik ere parte hartuko dute. Tolosako eta Iruñeko dantzariek, gainera, elkarrekin dantzatuz, Bordon dantza «desmitifikatuko dutela» azaldu du Zeberiok: «Esaten da historia irabazleek idazten dutela, eta orain arte esan izan da Bordon dantza tolosarrek Beotibarko gudua irabazi zutelako asmatu zela, eta hori gezur galanta da, asmakizun latza. Nola asmatuko zen momentu batetik bestera dantza bat? Gertatzen dena da garaileek horrelako gauzak aldarrikatzeko erabiltzen zituztela dantzak. Hortaz, zentzua eman nahi diogu historiari».
Irumugarrietako saiora oinez joan nahi dutenek, hiru aukera dituzte: Berastegitik, Orexatik edo Arribetik. Ondoren, Aresotik itzulerako autobus zerbitzua egongo da aipatutako hiru herri horietara. Gaztelutik, Lizartzatik, Aresotik bertatik edota Gorrititik ere igo ahal izango da kontzertura. Oinez bertaratu ezin dutenek aukera izango dute Aresoko pabiloietatik furgonetaz igotzeko.
Eguraldiaren menpe
Eguraldia izan ohi da Urmugako antolatzaileen buruhauste nagusietako bat. Ateri denean, kontzertuak aire zabalean egitea izaten da helburua, eta kontzertuak egiteko aukeratutako zenbait txokotan, aukera ederra izaten da paisaia zoragarriak eta musika uztartzeko. Publikoak ere eskertzen du. Euskal Herrian, ordea, gerta liteke udan bero handia edo euria egitea, eta horrek erabat baldintzatuko luke egoera. Hori gertatu aurretik, baina, alternatibarako lekuak pentsatuta izaten dituzte. «Zenbait inprobisazio» egin behar izaten dituztela esan du Zeberiok.
Altzorako, adibidez, hiru plan desberdin dituzte pentsatuta. Lehenengo aukera, Altzoazpin kokatzen da. «Leku oso egokia da. Bero handia eginez gero, baina, kiskaltzeko arazoak izan ditzakegu». Kasu horretarako, Altzotik gora dagoen merendero bat daukate begiz jota. Eta azkenik, euria eginez gero, eskolako patio estalian egingo lituzkete kontzertuak. Bestetik, hilaren 20an, euria egiten badu, Berastegin egingo dute kontzertua.
Kontzertuak, berez, aire zabalean izango badira ere, horietako batzuetara joateko, beharrezkoa izango da sarrera erostea. Urmuga.eus webgunean daude salgai. «Sarrera baino, ekarpena egitea deitzen diogu guk, honek sekulako gastua suposatzen duelako, eta auzolanean egiten delako. Nahiz eta erakundeen laguntza izan, nolabait bideratu behar da», azaldu du jaialdiaren zuzendari artistikoak.



