Euken Fernandez xabalina jaurtitzailea, Euskadiko txapelduna

Ataria 2025eko uztailaren 3a

Euskadiko Atletismo Txapelketa egin dute asteburuan Bilbon, absolutu mailan. Tolosa CF-ko dozena bat atletek parte hartu dute, zenbaitek marka pertsonalak eginez.

Denen gainetik Euken Fernandez atleta amezketarra aipatu behar da. Peio Etxabek entrenatzen duen atleta Euskadiko txapeldun bilakatu da xabalina jaurtiketan, 60,51 metroko jaurtiketarekin. Marka horrekin, gainera, Fernandezek Tolosa CF-ko errekor berria ezarri du. Hilaren bukaeran Badajozen (Espainia) egingo den Espainiako Txapelketarako prest dagoela erakutsi du.

Beste emaitza aipagarri batzuk ere lortu zituzten Tolosa CF-ko atletek. Maddi Altolagirrek laugarren egin zuen pertika jauzian, 2,70 metroko markarekin. Mikel Irastortza ere laugarren izan zen, 400 metro hesietan 56,63 eginez. Iker Ariznabarretak 1.06,43 egin zuen proba berean. Ander Ortizek bosgarren postua lortu zuen 1.500 metroetan, bere marka pertsonala eginez 3.55,28rekin. Nagore Gabarain zazpigarren izan zen 100 metroetan, 12,53rekin; proba berean Zihara Altunak 13,09 egin zuen. Julen Altzelai 11,38 egin zuen 100 metroetan, marka pertsonala eginez, eta 200 metroetan 23,02 lortu zuen. Kira Pascualek 25,45 egin zuen 200 metroetan eta Ane Alonsok 26,55. Naia Telletxeak 1.01,14 egin zuen 400 metroetan, eta Xabat Goenagak luzera jauzian 5,71ko marka egin zuen.

Manex Civicok, Gipuzkoako errekorra

Aurretik, orain hilabete inguru, Manex Civico tolosarrak 3.000 metro oztopoetan Gipuzkoako marka absolutu berri bat lortu zuen Castellon, 8.42,74ko markarekin, aurretik zuena 20 segundotik gora hobetuz.

Bestalde, Ander Ortiz entrenatzaile eta atletak 5.000 metrotako Tolosa CF-ko aspaldiko errekorra puskatzea lortu zuen 14.26,77ko markarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!